“Sulfitoak ditu”

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 24a, 14:14

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumillierra

Goian aipatutako ohartxo hori, aspaldi honetan, ardo botilen etiketetan topatzea ohikoa dela konturatu zarete, ziur asko. Baina, zer dira sulfitoak? Erraz azalduta: sulfitoak sufrea beste elementu organiko batzuekin konbinatu ondoren dugun emaitza dira eta ardoaren kontserbatzaile eta antioxidatzaileen lana egiten dute. Ardoak tratamendu ezberdinak jasotzen ditu mahastitik botilatzen den arte; tratamenduok ardoa babesten dute produktua honda lezaketen bakterioetatik, lizunetik eta nahi ez diren herdoiltzeetatik. Kaltegarriak dira osasunerako? Neurriak oso ondo kontrolatu behar dira. Irentsitako sulfitoak giltzurrunetatik eta gibeletik iraizten dira normalean, baina badago asmatikoen portzentaje txiki bat, halakoetarako sentiberatasun handia diena. Beste alde batetik, sulfito asko dituzten ardoek, ohiko ajeaz gain, buruko mina ere sortzen dute. Ez ote dago hain erasokorra ez den beste alternatibarik? Sulfitoen ordez, beste kontserbatzaile eta antioxidatzaile batzuk erabiltzea proposatu da askotan, nahiz eta ardoaren industria oso zaila izan. Ardo ekologikoak ekoizteko, adibidez, bordeles salda erabiltzen dute mahastian. Hori alternatiba naturalagoa da, ez hain erasokorra, eta ardogintzan sufrearen deribatuen mailak baxuagoak dira. On egin.