Jendetza bildu zen urriaren 21ean Loiuko XV. Gastronomia eta Eskulangintza Azokan. Eguraldi paregabea izan genuen eta Julio Ibarrak giroa animatu zuen. Azokan baserriko produktuez betetako postuak, artisautza, herri-kirolak eta dantzak izan ziren. Loiura joan zirenek euskal okela doan dastatzeko aukera ere izan zuten. Gainera, txikientzako tailerrak eta puzgarriak egon ziren. Beste alde batetik, Behar Bidasoa GKEk 2.000 euroko txekea jaso zuen Loiuko jai-batzordetik. Izan ere, herriko jaien antolatzaileek txosnan superabita izanez gero, etekinak GKE honi ematen dizkiote urtero.
Jaia borobiltzeko, Euskal Herriko Harrizulatzaileen VII. Bakarkako Txapelketa ere egin zen Loiun. Jaizubia talde gipuzkoarraren Joseba Berridik irabazi zuen, 5 zulo eta 9,7 zentimetroko marka lortuz. Galdameseko Fernando GarcÃak eta Gipuzkoako Xabier Lizarribarrek bigarren eta hirugarren postua lortu zuten, hurrenez hurren. Iñigo Aurrekoetxea txorierritarra azkenengo postuan gelditu zen. Aurrekoetxeari ez zioten egindako zulo bat ontzat eman, zegokion lekuan egin ez zuelako. Zamudioztarrarren ustez, epaileek hori zuloa egiten hasi bezain laster jakinarazi behar izan zioten, eta horregatik ez zuen saria jaso nahi izan.