Testua: Igor Urrutikoetxea (LAB-Metalgintzako nazio mailako idazkaria)
Duela gutxi arte gehienok nekez kokatzen genuen mapetan Myanmar (sasoi bateko Birmania), baina azken hilabeteotan behin baino gehiagotan ikusi ditugu manifestazioen irudiak, herritarren oldarraldi eta protestak, beldurraren gainetik herri xeheak 40 urte luze irauten ari den erregimen basatiari aurre egitea erabaki duelako. Bertako agintariek errepresio basatiarekin erantzun dute: atxiloketak, kartzelaratzeak, manifestazioen debekuak, alderdi politikoen ilegalizazioa, komunikabideen itxiera...
Zer dela eta, egiten zait guzti hori ezaguna Myanmar milaka kilometrotara badago? Ala ez? Akaso Myanmar etxean bertan, Euskal Herrian, dugu? “Ez da posible! Euskal Herrian demokrazian bizi gara!†esango du batek baino gehiagok. Baina azken urteotako gertakariak hortxe daude, tamalez: Egin, Egunkaria eta Ardi Beltza komunikabideak itxita; EH, Batasuna, plataforma herritarrak eta ANVko hainbat kandidatura ilegalizatuak, gazte erakundeak debekatuak...
Hemen ere, Myanmar-en bezala, manifestazio baten parte hartzeagatik atxilotzen dute jendea, hemen ere manifestazioak ilegalizatzen dituztelako. Hemen eta orain, bilera baten parte hartzeagatik eta lan politiko soila egiteagatik joan zaitezke kartzelara Txorierriko Ibon Meñikaren, Aner Petralandaren, Joanaren eta beste askoren kasuek erakusten duten bezala. Bidegabekeria Txorierrin bertan dugu, ez dago Myanmar-era joan beharrik injustizia ikusteko.