Gabonetako menua

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 17a, 10:04

Errezetak: Maite Lekerika, sukaldaria

Itsaski erroska, saltsa arrosagaz Osagaiak (lau lagunentzat): - 36 langostino (egosiak eta zurituak) - 400 g txaka - 4 arrautza - 400 ml esnegain - jogurt natural bat - tomate frijitua (zurrustada bat) - gatz apur bat - letxugea, juliana erara ebagia - gurin apur bat - urun apur bat - maionesea - koñaka (zurrustada bat) Prestatzeko erea: Txaka eta 12 langostino txikituko doguz. Beste osagai guztiakaz nahastau eta irabiau egingo dogu. Erroska formako molde bat hartu eta gurinaz igurtziko dogu. Uruneztatu be egingo dogu. Moldera orea botako dogu eta laban ur-bainuan izango dogu 175 gradutan. Egosten 45 minutuan utziko dogu (bezperan egiten badogu, hobeto). Moldea ur epeletan sartuko dogu minutu baten, bertatik orea edo erroska errez atera ahal izateko. Saltsa arrosa: pote txiki batean maionesea, tomate frijitua (neurri berdinean biak) eta koñaka irabiauko doguz. Erroskoa plater handi baten ipiniko dogu eta saltsea botako deutsagu ganetik. Beste langostinoak eta letxugea erroska apaintzeko erabiliko doguz. Lebatza saltsan Osagaiak (lau lagunentzat): - 8 lebatz-trontza - 300 g txirla - 500 g-ko lata bat zainzuri - oliba olioa (zurrustada bat) - 6 berakatz atal - perrexila - gatza - uruna Prestatzeko erea: Berakatzak ondo txikitu eta oliotan jarriko doguz lurrezko kazola baten. Surtan ipini eta berakatzak igoten hasten diranean, lebatza gehituko dogu (aurretik gatza bota eta uruneztatu beharko dogu). Lebatza su eztian izango dogu. Minutu bat pasau ostean, bueltea emon eta zainzurien ura eta txirlak botako doguz. Suabe-suabe eragingo deutsagu, harik eta saltsea atera arte. Perrexilea bota eta eragiten jarraituko dogu. Eginda dagoanean, zainzuriak gehituko doguz. Berotu apur baten eta zerbitzatuko dogu. Gaztai eta limoi tarta Osagaiak: - 300 g Filadelfia gaztai - 500 ml esnegain - 4 koilarakada azukre - sobre bi limoizko gelatina - limoi baten zukua - 250 g Maria gaileta - 100 g gurin - azukrea Prestatzeko erea: Gailetak birrindu eta gurina urtuko dogu. Biak ondo nahastau eta molde baten zabalduko dogu. Gaztaia, esnegaina, azukrea, limoi zukua eta sobre bat gelatina (aurretik ur bero apur bategaz desegingo dogu) nahastau eta irabiauko dogu. Nahasketea moldera bota eta hozkailuan izango dogu 4 orduan. Hozten danean, beste gelatina sobrea ur berotan urtuko dogu eta tartari botako deutsagu ganetik. Hozkailura sartuko dogu berriro. (Tartea bezperan egiten badogu, hobeto) Moldetik atera eta hotz zerbitzatuko dogu.