Euskal Herriari buruzko atzerabegirakada

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 7a, 08:53

Eguzkia eta ilargia, Jaungoikoa eta Deabrua… Txanpon guztiek bi alde dituzte eta Internetetik dabilena ez da salbuespena. Emule programa oso famatua da internauten artean, hainbat filme, musika edota software deskargatzeko aukera ematen baitu. Bere “atzealde ilunak” RebeldEmule du izena, eta bertan Euskal Herriari buruzko bilduma bat prestatu dute, Euskal Herria: herri baten atzerabegirakada izenburupean. Bilduma horretan politika eta gizarte mailako zenbait ikus-entzunezko dokumentu batu dira: Historia Kateak egindako III Reicheko morroi euskaldunak, Julio Medemen Euskal pilota: larrua harriaren kontra eta Iker Trebiñoren Salda badago: Euskal Rockaren hasiera, besteak beste. Pelikulen zerrendaren aurretik sarrera txiki bat eskaintzen du RebeldEmulek eta bertan Euskal Herria zer den azaltzen du. RebeldEmulek gutxieneko gai politiko zein sozialak zabaldu nahi ditu. Sortzaileen aburuz, kultura libre, merke eta denentzako eskura dagoena hedatzeko tresnarik aproposena da Internet, eta horregatik sortu dute RebeldEmule.