Infusioa

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 22a, 09:01

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumilierra

Urte berri on, aikor!lagunak! Abendua joan da eta, harekin batera, familian eta lankide eta lagunen artean ospatu ditugun une gastronomikoak. Halako uneetan argi utzi dugu gogokoa dugula “hurrupaldi ona”. Urte berria hasi da, beraz, eta lehenengo asmo ona hartu dugu: lagun on batek dioenez, “inoiz ez edan gehiagorik, baina ezta gutxiago ere”. Txantxa da; hala ere, aitzakia ona dela uste dut infusio bat prestatzera gonbidatzeko. Eta zer da hori? Hainbat belar edo espezie nahastu eta uretan irakiten utzi ondoren egiten den edaria da. Infusioetan, belarrek eta espezieek ematen dizkiguten gai disolbagarriak aprobetxatzen ditugu eta gai horiek gozoak ez ezik onuragarriak ere izan daitezke gure gorputzerako. Izan ere, belarrek gure bizi-kalitatea handitzen lagundu digute antzinatik. Gakoa da aspektu dietetikoa eta zaporea ondo uztartzen dituzten nahasketak egitea, Gabonetako gehiegikeriak erregulatzen laguntzea. Atrebentzia ez bada, hiru proposamen egingo dizkizuet, infusio osasuntsuak, gozoak eta hainbat eragin dituztenak prestatzeko. Infusio digestiboa: kamamila, anis belarra, mihilua, melisa eta menda. Infusio lasaigarria: melisa, mendafina eta mitxoleta. Infusio bizkorgarria: te berdea, erromeroa eta erregaliza. On egin!