Pitike-pitike… aurrera goaz!

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 25a, 10:59
AIKOR! aldizkariak sei urte bete ditu; sei urte, eta 68 ale kalean. Urteurrena ospatzeko, TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak ekitaldi berezia egin eban urtarrilaren 24an Gurea aretoan, Derion. Txalaparta hotsek ondoetorria egin eutsien jenteari. Ehun lagun baino gehiago batu ziran aretoan; tartean izan ziran Alaitz Etxeandia Lezamako alkatea, Txorierriko udal ordezkariak, hainbat elkartetako kideak, eta lagunak. Udane Goikoetxea esatariak ekitaldia zuzendu, eta berbea emon eutsen gonbidatuei. Ander Aiarza Derioko alkateak zorionak eman zituan aldizkariak egindako sei urteko ibilbideagatik, eta, horren ostean, Ortzi Garitano bertsolariak bertsoak kantatu zituan. Fran Lasuen musikariak abesti batzuk eskaini zituan eta aurrerapen bat be egin euskun. Kukubiltxo Larrabetzuko antzerki taldeak Haritzaren azalera zehatza beharra estreinatu dau otsailean, eta Lasuenek musika jarri deutso horri. Antzezlanerako konposatu dituan abestietatik bat AIKOR! aldizkariaren urtebetetze egunean oparitu euskun. Xabier Goienetxe AIKOR! aldizkariaren zuzendariak sei urte honetako balantzea egin eban eta Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek barre eragin euskuen euren umore zorrotzagaz. Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusia be izan zan gonbidatuen artean. Aldizkariaren nondik norakoak ezagutu ondoren, pozik azaldu zan egindako beharragaz, eta hori eskualdeko herriak lotzeko tresna garrantzitsutzat jo eban. Beste alde batetik, eta urtero legez, AIKOR! sariak banatu ziran. Aurten Kukubiltxo antzerki taldeak eta Aurtenetxe enpresak jaso dabe saria. Sariokaz Kukubiltxo taldearen jarduera profesionala hartu da aintzat, eta Aurtenetxek aldizkariari emondako laguntasuna eskertu da. Ekitaldiaren ostean, luncha egon zan San Isidro jatetxean, trikitilariek giroturik. Batzuk berandu arte luzatu ziran.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).