Beste egunean langile-borrokan dabilen batek esan zidan ez zuela guztiz askapen sexualerako borroka ulertzen. Bere ustez, bakoitzak hartutako aukera errespetagarriak baino ez zirela. Zergatik jasan behar ditut horrelako komentarioak ezkertiarren artean ere bai? Erantzuna erreza da, lagun horrek bere burua gizon eta heterosexualtzat duela kontuan hartzen bada. Sentimendu pribilegiatuak ditu jendarte heteronormatibista eta patriarkal honetan.
Baina aukera sexuala ez da gozoki-denda batera joan eta marrubi ala mendazko txiklea aukeratzea bezala. Kultura osoari aurre egin behar zaio. Eta kultura jendarte osoan islatzen da, eta indibiduo guztietan.
Heterosexualak edota inposatutako genero batean bere burua kokatzen duenak ez ditu bere desirak inoren aurrean zertan justifikatu. Homosexual, bisexual, transexual edo queer bat, berriz, iraultzailea da. Bere sentimenduak plazaratu ahal izateko eskubideak borrokatzera zigortzen du. Borroka delako bide bakarra. Baina askatasun osoa lortzeko borrokatu behar da; ez soilik sistemak gure ‘pluma’ onar dezan.
Sistemak pare bat etiketa sexual ematen digu aukeran; hiru, gehienez jota. Ez dugu etiketa-kartzeletan bizi nahi; aske bizi nahi dugu. Ezin dugu gure sexualitatea askatasunez bizi, egunerokotasunean apaltzen baikara.
Kristautasunak jendarte oso baten sexua kontrolatu du hainbat mendean, hori ikuspegi ernaltze zentrista batera murriztuz. Eta Historian zehar bere instituzioek gure jarrera eta kultura markatu arren, eta orain garenean eragin handia izan badute ere, gero eta eragite txikiagoa du. Baina, adi! Kapitalismoak gero eta indar gehiago hartzen dabil, eta era ez zuzenean materialismoa inposatzen digu. Patriarkatua, kapitalismoarekin batera, gure erlazioak eragiten ditu. Eta euren bitartekariek, mass-mediek, estereotipoak ezartzen dizkigute; eta porno industrialak sexu-jarrerak inposatzen dizkigu ohean. Honengatik guztiarengatik aska dezagun gure burua. Harro egon behar gara gustatzen zaigunaz, eta gure zoriontasunaren alde borrokatu. Plazerra ematen digunaren alde, askatasunaren alde, ametsen alde… Askatasuna eta ametsak bizitzen ari garelako momentu oro.
Sexu-iraultza posible da, hemen eta orain. Beste mundu bat posible da, eta beharrezkoa, gainera. Pertsonen arteko harreman pertsonalak zein sexualak iraultzeko beharra dago. Mundua ez delako erabat aske izango, aspektu hauek lantzen ez badira. Maitasunez borrokatu, borrokatu maitasunaren alde. Orgasmoa iraultzailea da. Sexua autogestionatu, elkartrukatu, gozatu!
Gutunak