Alkartasuna basamortura eroan daben txorierritarra

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 18a, 09:21
Gulu, Patxi, Etxahun eta Leire otsailaren 23an ailegatu ziran Smarara, Donostiako lagun bategaz. Larrabetzuarrek Sahararen aldeko maratoian parte hartzea eben helburu, baita hori amaitu be. Helburua bete dabe. Patxi eta Etxahun sasoi aldetik oso fin ibili ez arren, lau lagunek lasterketa amaitzea lortu eben. Basamortuan korrika egitea gogorra bada, askoz gogorragoa da gaixorik egoten danean, eta Patxi amore emoteko zorian izan zan maratoi erdian. Guluri esker amaitzea lortu eban. Lasterketa barruan lau ibilbide ezberdin antolatu ziran, eta biek 42 kilometrokoa egin eben. Leirek eta Etxahunek bost kilometroko proban hartu eben parte. Etxahun lesionatuta heldu zan Saharara, eta maratoiaren aurreko egunean lesioa larriagotu egin eutsan ezbehar txiki bat izan eban. Horren ondorioz, proba ez egitea erabagi baeban be, antolatzaileek animatu ostean oinez egitea erabagi eban. Beste alde batetik, Leirek lasterketa baten parte hartu dauan lehenengo aldia izan da. Non eta basamortuan izan behar! Patxik eta Guluk azaldu euskuen lez, maratoia bera gogorra da; halanda be, euren erritmora ibili ziran, eta harea be nahiko trinkoa zan –dunetatik-eta ez eben korrika egin behar izan-. Ganera, eguna fresko argitu zan, nahiz eta eguerdi aldera egundoko beroa egon. “Polito bota genduan izerdia”. Maratoian nazioarteko 400 lasterkaritik gora hartu eben parte otsailaren 25ean. “Batzuek irabaztea dabe helburu nagusia, eta beste batzuek erronka gainditu baino ez dabe gura, markari inportantziarik emon gabe. Guk, zorionez, alde biak ezagutzeko aukerea izan dogu”. Itzultzeko gogoa Izan be, Saharakoa alkartasunaren maratoia da. Hori 2001ean antolatu eben lehenengo aldiz helburu honeek betetzeko: saharar gazteen artean kirola sustatzea, proiektu humanitarioak finantzatzea, eta herri sahararrari babes morala emotea, besteak beste. Ibilbideak hiru iheslari kanpamendu –Smara, Aoserd eta ElAyoun- lortzen ditu sinbolikoki. Bertatik pasatzen diranean, partehartzaileek emakumeak irrintzika dabez zain. “Ikusgarria da, benetan”. Larrabetzuarrek material birziklatuz egindako domina bana ekarri dabe Saharatik. Eta han familia itxi dabe. Eta basamortura barriro joateko gogoa be ekarri dabe. Bost egunean sahararren artean bizi izan dira, euren ohituretara moldatu, eta eurakaz konpartitu dabez bizipenak. Baina diñoen moduan, denbora gitxi da herri horren benetako egoera eta bizi-baldintzak ezagutzeko. Horregaitik, hurrengoan gustatuko litxakie tarte haundiagoa berton emotea; eta, posible bada, familia eta lagunak eroan, guztiek esperientziaz gozatu eta herri sahararraren xalotasunetik ikas dagien.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).