Hizkuntza hobetzera joan dira Ingalaterrara

Aikor aldizkaria 2008ko api. 14a, 11:52
Derio, Lezama eta Larrabetzuko 27 lagunek osatutako talde bat Ingalaterran izan dira martxoan. Bidaia Ikasgela akademiak antolatu zuen eta ikasleek bertako hizkuntzarekin harreman estuagoa izatea zuen helburu. Turismoa egiteko ere aprobetxatu dute. Edozein hizkuntza ikasten denean, oso inportantea da harekin harreman zuzena izatea. Eta sorlekura joatea biderik egokiena izaten da, zalantza barik. Hori dela-eta, bidaia antolatzera animatu zen Ikasgela Larrabetzuko akademiako Olatz Amarika. “Hizkuntza nondik datorren jakitea ezinbestekoa da. Halako ekimenak ondo baino hobeto datozkie ikasleei, mintzamena lan ditzaten. Gainera, hobeto hitz egiten dutela igartzen zaie gero”. Baina ikasleak eta Olatz ez dira bakarrik ibili Ingalaterratik; umeen gurasoak eurekin joan dira. Txorierriko taldea lau urtetik 14 urtera bitarteko 12 umek eta 15 nagusik osatu dute. Helburua bete du Olatzek. Irakasleak azaldu digun bezala, ikasleak ingelesez mintzatu dira, eta jatetxetan afaria eskatzera, eta dendetan erosketak egitera ausartu dira. “Eta oso ondo egin dute”. Euskalkiekin gertatzen den moduan, ingelesak ere baditu berezitasunak zonaldeen arabera. Baina talde txorierritarrak ez du inongo zailtasunik izan, bisitatu dituzten herrietan nahiko argi egiten baituzte. Ingalaterran bost egun baino ez dute eman. Egun gutxi izan dira; hala ere, hainbat leku ikusteko aukera eduki dute: London Eye, Buckingham Palace eta Covent Garden Londresen; King´s College eta unibertsitatea Cambridgen; eta Bath hiria, esate baterako. Era berean, Christ Church College bisitatu zuten Oxforden. Azken bisita hori oso berezia izan da, Harry Potter filma han grabatu baita. Esperientzia positiboa Ikasleak zein nagusiak liluratuta etorri dira bidaiatik: alde batetik, pozik azaldu dira, ingelesez egiteko gai direla euren buruari frogatu diotelako; eta beste alde batetik, aho bete hortz bueltatu dira ikusi dituzten mirariengatik. “Oso hiri eta leku politak bisitatu ditugu. Egun gutxi izan direla esan didate, hurrengoan bidaia luzeagoa egin behar dugula”. Ingelesen bizitza-erritmoak ere harritu ditu bisitariak. “Presaka dabiltza ia egun osoan zehar: sandwicha esku batean dutela, eta euritakoa beste eskuan... Korrika metroa hartzera...”. Esperientzia positiboki baloratu dute ikasleek zein irakasleak. Ingelesa maila hobetu dutela erakusten hasi dira klasean, eta batzuek laster egingo duten azterketa gaindituko dutela ziur dago Olatz. Datorren urtean Edinburgo ezagutuko dute, beharbada.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).