Bertsozaleek euren lekua dute ziberespazioan

Aikor aldizkaria 2008ko api. 24a, 09:45

Zibertso ekimena jarri dute martxan euskalTube.com webgunean. Kanal berri horrek webgunean dauden bertsolaritzari buruzko bideo guztiak biltzea du helburu, eta dagoeneko plazaz plaza grabatutako hainbat saio, umorezko esketx eta bertsolariei egindako elkarrizketa igo dira bertara. Horrezaz gainera, webguneko arduradunek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian momentuz parte hartu ez duten bertsolariei ere taula zibernetikoa eskaini nahi diete. Erabiltzaileek, esate baterako, lagunartean grabatutako bertsoak Zibertso kanalean eskegi ditzakete. Era berean, edozein bertsozalek edo bertsolarik botatako bertsoari erantzuteko aukera izango dute. EuskalTube-n bertsotan hasteko beharrezkoa da webgunean erregistratzea. Ondoren, izena emateko erabili duzun posta helbidean berrespen mezua jasoko duzu. Mezuan agertzen den loturan klik egin behar da erregistroa amaitzeko. EuskalTube.com/zibertso helbidean sartu eta “izan taldekide” loturan klikatu beharko duzu Zibertso kanaleko kide izateko. Bertso asko eskegi dira dagoeneko euskalTube-n, baina hemendik aurrera bertsoek gero eta presentzia nabarmenagoa izatea nahi dute webguneko arduradunek. Gai-jartzailearen garrantzia Duda barik, gai-jartzailea ezinbesteko elementua da bertso-saioan; hala ere, informazio gutxi dago horrek egiten duen lanari buruz. Unai Elizasu gai-jartzaileak www.gaijartzailea.com webgunea zabaldu du hutsune hori betetzeko asmoz. Elizasuk urteetan bildutako ezagutza eta eskarmentua ezagutzera eman ditu blogean, jendearentzat lagungarria izan litekeelakoan. Bloga iritziak trukatzeko lekua ere izango da, eta bertan jendearen kezkak eta usteak bilduko dira. Beste alde batetik, txapelketetako gaiak ere jasoko ditu blogean. Material hori guztiz baliagarria izango da bertso-eskoletarako.