Teknologiari buruzko albisteak

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 26a, 15:47

Soft librea erabiltzeko bideo-laguntza, sarean Euskalgnuk GNU/Linux sistema eragilea nola erabili azaltzen duten 18 bideo eskegi ditu ehux.ehu.es/bideoak webgunean. Bideo horietan Gnome mahaigainari buruzko azalpenak batu dituzte; baita beste programa batzuei buruzkoak ere bai: InkScape, OpenOfficeren adarrak edo Gimp, esate baterako. Azalpenak euskaraz agertzen dira. Euskara 21 gunea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskara 21 gunea jarri du abian: blog.euskara21.euskadi.net. Gune horrek gogoeta ireki bat proposatzen dio euskal gizarteari, XXI. mendean euskararentzat nondik norako bidea nahi dugun aztertzeko. Ekimenaren abiapuntua Oinarrizko Txostena da. Hori euskal kulturako eta gizarteko pertsona adituek idatzi dute, eta euskararen egoerari buruzko gogoeta sakona eskaintzen du, ekimenari oinarri sendoa ematearren. Txostena kontsultatzeaz gainera, gogoetan parte hartzeko aukera du erabiltzaileak, baita gogoetaren inguruko berriak jarraitu ere. Komunitate eta foro berriak zabaldu ditu Euskosarek Euskosarek Euskalerria komunitatea sortu du maiatzean. Horrek Euskal Herriarekin lotura duten gaiei buruz eztabaidatzeko gunea izatea du helburu. Beste alde batetik, ‘Mesederik nahi?’ gazte euskaldunei zuzendutako interneteko foro soziala ere bultzatu dute. Gune horren bitartez, gazteek euren ideiak modu ireki eta zabal batean erdibanatzea nahi dute arduradunek. Informazio gehiago: www.euskosare.org.