Arte Urbano: “Kaleko kultura hurbildu nahi diegu herritarrei”

Testua: Bestorrene
Sortzaileek taldean zortzi urte eman ostean, gazteagoek hartu zuten erreleboa iaz. Arte Urbano Derioko elkarteak berregituratze handia izan du, eta horren ardura Eneko, Ibon eta Gontzalek dute gaur egun. Maiatzean ‘VI. Jam Hip-hop’ jaialdia antolatu dute herrian. Zer da Arte Urbano? Kultura-taldea gara. Kaleko kultura guztiak batu eta bandalismoarekin zer ikusirik ez dutela erakutsi nahi dugu. Artea dela; eta batzuentzat bizitzeko modua, gainera. Aurten graffitiak landu ditugu, eta iaz batukada eta capoeira. Beste arlo batzuk ere jorratzen ditugu: hip-hop eta breakdance, esaterako. Mugimendu horiek guztiak herriari hurbiltzen ahalegintzen gara, eta kultura marginala izatearen ideia burutik ken dezatela, berez ederrak baitira. Graffitiak, esate baterako, fama txarra du, baina biolentzia gutxitzeko jardueratzat sortu zen bere garaian. Ez da izorratzearren egiten; zentzua du, eta egiten duenak badaki. Zelako harrera izan dute arte berri horiek gure inguruan? Hip-hopa nahiko zabalduta dago Txorierrin. Kontzertuak egon dira Zamudion, Sondikan eta Derion, eta talde hasi berriek eszenatoki gainera igoteko aukera izan dute. Sondikan talde bi daude, lau Derion eta beste bat Larrabetzun. Beste alde batetik, graffitia ez dago oso zabalduta gure bailaran; Bilbon egiten da gehiago. Beste modalitateak ezezagunagoak dira gure artean. Laguntzarik duzue aurrera egiteko? Taldea hiru pertsonak osatzen dugu gaur egun; hala ere, askotan derrigorrean eskatu behar diegu laguntza lagunei edo anai-arrebei. Aurtengo jaialdian, adibidez, 16 taldek hartu dute parte eta lan handia egin behar izan da. Gustatzen zaigun lana da eta pozik egiten dugu, baina denbora handia eskaini behar zaio. Bateren batek gogorik badu, pozik onartuko genuke horren laguntza. Aurrekontuei erantzuteko, laguntza jasotzen dugu Udaletik; baina, egia esan, ez dugu diru gehiegi behar: ekartzen ditugun taldeak hasi berriak dira eta ez dute asko eskatzen. Zelan irten da Hip-hop jaialdia? Lagun gehiago espero genuen, Xhelazz kartelaren burua zen, ospe handiko abeslaria baita. Dena dela, balantze ona egin dezakegu: taldeak oso pozik irten ziren eszenatokitik, eta publikoa ere bai; eguraldia lagun izan genuen... Ondo, beraz. Eszenatoki ondoan panel batzuk jarri genituen, nahi zuenak bertan margotu ahal izateko. Eta, bide batez, herria ez pintatzea lortu genuen. Muralak bete egin ziren; arrakasta izan zuten. Eta aurrera begira? Rap jaialdia egiten jarraitu nahi dugu; baina rock edo punk-rock musika estiloetara ere zabaldu nahi dugu, Txorierriko talde askok musika hori jotzen baitute gaur egun. Lezaman, adibidez, badago gazteek osatutako talde bat oso ondo jotzen duena. Jaialdiaren bidez bertoko taldeei eman nahi diegu aukera gehienbat, nahiz eta kartela betetzeko ezagunagoa den kanpoko talderen bat ekartzen dugun. Baina talde gehienak bertokoak dira. Ikastaroak antolatzeko asmorik? Graffiti, batukada eta capoeira ikastaroak antolatu nahi ditugu neguan. Ahaleginduko gara, baina zaila da, gero jende gutxi dator-eta. Graffiti ikastaroa egiten denean, esaterako, graffitiegile on bat ekartzen dugu, parte-hartzaileei zelan hasi zen azaltzeko eta erreferentzia bat izan dezaten. Horrezaz gainera, panelak jartzen dira eta animatzen denak bertan margoten du. Nobedaderik buruan? Datorren urtean kontzertuak egin nahi ditugu udan, ekainean-edo, garai horretan ez baitago ezer herrian.