Sorkunde Goikouria, Goi-Alde dantza taldearen presidentea: “Ez dakit posible izango litzatekeen hemen Marmarisekoa lako jaialdi bat egitea”

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 23a, 14:22

Testua: Jon Goikouria / Argazkia: Sergio García

Goi-Alde Erandiogoikoko dantza taldeak Marmaris uriko (Turkia) udaberriko jaialdian hartu dau parte joan dan hilabetean. Sorkunde Goikouria taldearen presidenteak bidaiaren barri emon deusku. Zelan bidaia? Neketsua, baina oso ondo. Erandiotik hiru dantza talde joan ginan: Trabudu, Uztargi eta Goi-Alde; 55 lagun, guztira. Bidaia luzea izan da eta, goizean libre egon arren, arrastiz zein gauez dantzatu behar izan dogu. Ordutegiaren mende ibili gara. Ezbeharrik izan dozue? Bidaian hainbeste lagun doazenean, beti izaten da zerbait. Ezbeharrik larriena gure kide batek izan eban, izterrean ebagi bat egin eban-eta. Asko larritu ginan, baina ondo urten eban danak azkenean, zorionez. Zelango giroa egon da Marmarisen? Jaialdira zortzi herri konbidau ginduezan. Lehenengo egunean “Olinpiadak” egin genduzan geure artean, eta sokatiran, arraunean, igerian... ibili ginan hondartzan. Egia esateko, giro ona izan zan. Baina zortzi taldeok alkarregaz egin genduan ekitaldi bakarra izan zen, talde bakotxa leku eta ordutegi desberdinetan ibili dalako dantzan. Eta zelan dantzatzen da etxetik hain urrun? Oso urduri ibili ginan ekitaldi guztietan; izan be, gure herria eta folklorea ezagutzen ez dituenek inpresino ona hartzea gustetan jaku. Beste alde batetik, zer edo zer ahazten da beti, eta momentu horretan etxean ez zagozala konturatzen zara; ondo edo txarto, dozunagaz egin behar dozu aurrera. Zelango harrera izan zenduen? Espero genduana. Dantzari-dantza, Kaixarranka eta Fandangoa oso dantza ikusgarriak dira eta jenteari gustetan jakoz orokorrean. Emanaldi bakotxean estilo desberdinak dantzatu genguzan. Beste taldeek, barriz, pieza berberak dantzatu zituen saio guztietan. Zer gustau jatzu gehien? Marmaris baino ez dogu bisitau. Oso herri turistikoa da; Saloun egotea lakoa da. Baina asko harritu nau izan dogun harrerak. Gugaz batera egon diran taldeak oso atseginak izan dira, baita hoteleko langileak, jaialdiaren arduradunak, udal ordezkariak... Beste alde batetik, izugarri gustau jat taldeen artean egon dan kontrastea; izan be, folklore arloko dantza taldeek ez eze, beste talde mota batzuek be hartu dabe parte jaialdian. Turkiagaz hartu-emonetan jarraituko dozue era honetako jaialdiak antolatzen? Ez dakit posible izango litzatekeen hemen halako jaialdi bat egitea. Hori Udalaren esku dago. Bueltauko zinatekie? Bai, zergaitik ez? Oso gustura egon gara, baina diru mordoa behar da hainbeste lagun mobiteko. Udalak esango deusku zelango helburuak edo ideiak dituan datorren urterako.