Windows Vista eta Microsoft Office 2007 euskaratu dituzte

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 23a, 09:26

Microsoftek euskaraz jarri ditu produktu bi hauen interfazeak: Windows Vista sistema eragilea eta Microsoft Office 2007 suite ofimatikoa. Interfaze horiek doan eta modu erraz eta seguruan eskuratu daitezke www.microsoft.es/eu webgunean. Proiektuak Microsoftek ordaindu ditu osorik, eta Elhuyar Fundazioak landu ditu. Eusko Jaurlaritzak itzulpen-lanen kalitatea egiaztatu du. Beste alde batetik, HP, Dell eta Inves/Investronica enpresek bat egin dute ekimenarekin, eta salduko dituzten ordenagailuetan euskarazko paketeak aurrez instalatzeko konpromisoa hartu dute. ‘Klik egin euskarari’ Microsoftek “Klik egin euskarari” kanpaina jarri du martxan ekainean, eta hura irailaren 1era arte luzatuko da. Kanpainak saritu egingo ditu euskarazko interfazeen behera kargatze eta instalazio gehien egiten dituzten erabiltzaileak. Irabazleek teknologiaren munduarekin zerikusia duten sari interesgarriak jasoko dituzte; azken belaunaldiko hainbat ordenagailu, esate baterako.