GPSak oso gailu baliagarriak dira gidarientzat, helburura eramaten baitituzte, biderik laburrena harturik. Ondorioz, gero eta hedapen handiagoa dute, eta orain euskaraz ere hitz egiteko gai dira.
Eibar.org elkarteko lagunek euskaraz jarri diote ahotsa TomTom GPS nabigatzaileari. Fitxategien moldaketak eta grabazioak apirilean egin zituzten, eta lanaren emaitza sarean dago eskuragarri.
Elkartekoek lau soinu-fitxategi landu dituzte eta horiek http://eibar.org/materixala/gps webgunetik deskarga daitezke. Pauso hauei jarraitu behar zaie:
- Fitxategiak ZIP formatuan daude konprimituta. Fitxategiak lau lagunek grabatu dituzte eta bakoitzaren ondoan ahotsaren lagina jarri dute, guk nahiago duguna aukeratzeko. Hura deskargatu.
- Fitxategia zabaldu. Barnean hiru fitxategi egongo dira, .chk, .bmp eta .vif luzapenekin.
- TomToma ordenagailura lotu USBaren bidez, eta GPSaren barruan dagoen voices karpeta bilatu.
- Lehen aipatutako fitxategiak karpeta horretan kopiatu.
- GPSa ordenagailutik deskonektatu, piztu eta ahots berria aukeratu.
Eta gogoratu: fitxategiek TomTom markako nabigatzaileentzat baino ez dute balio printzipioz.