Amagoia Guezuragak, "Elementos heráldicos en la iglesia de San MartÃn de Arteaga de Zamudio" liburua aurkeztu dau irailean 8an. Lan horretan eleizan dagozan armarriak eta horreei jagokezan leinuak aztertu ditu, besteak beste.
Ikerlanaren ardatz nagusia Joaquin MarÃa Enrique Enriquez Alvarez de Toledo jauntxoaren inguruko garaian kokatu dau Guezuragak. Enriquez Alvarez de Toledo orain Zamudiotorre lez ezagutzen dogun dorretxeko ugazaba eta eleizaren patroia izan zan 1758-1792 urteetan.
1772. urtean eleizan erretaula berriak egiteko enkargua eman eban, baita presbitergo aurreko burdinazko hesia eta patroi jesarlekua be. Baina Joaquin Maria eta Zamudioren arteko erlazioa nondik datorren ulertzeko, ezinbestekoa da Zamudio eleizatearen historiako atal batzuk ezagutzea, eta horreek be jaso ditu egileak liburuan.
Zamudio leinukoek Arteaga dorretxea eta Arteagako San Martin eleiza altxatu ebezan, eta azken horrek Zamudioko patroi bihurtu zituan. Patroiek eskubideak ebezan: hamarrenak kobratzea, euren jesarlekua eta hilobia izatea eleizan... Betebeharrak be baebezan, eta herritarrek ahalmena eben horreek guztiak betearazteko. Erlijio-boterea eta ekonomikoa, hortaz, jauntxoek eben; gizarte boterea, barriz, herri xeheak. Eleiz atariko mahaian alkartu eta ebatziak hartzen ebazan bertan.
Mihisea
Zamudio leinuko oinordekoak dorretxe eta eleizaren nagusi eta patroiak izan dira Historian zehar. Horreen ikurrak eleizan jarri ebazan, patroiak izateak ekartzen eutsiezan pribilegioen seinale.
Joaquin MarÃa Enriquezi amaren partetik (Josepha Sarmiento Palafox eta Toledo) jatorkozan Zamudio eta Zugastiko maiorazgoak. Egileak jauntxoaren zuhaitz genealogiko zehatza landu dau liburuan, eta horreen leinuen barri argigarriagoa emoten deusku. Izan be, lehen aitatutako maiorazgoez aparte, Enriquezek Gaztelako jaurerri asko jarauntsi ebazan senideengandik: Malpica, Mancera eta Povar markeserriak eta Gondomarreko konderria, esate baterako. 1771. urtean Medina de Riosecoko dukerria lortu eban.
Joaquin MarÃa Enriquezek bere armarria osatzen daben etxeen armarriak mihise baten margotu eta Arteagako San Martin eleizako koruan jartzeko agindu eban.
Mihise horretan dagozan leinuen armarriak honeek dira: Toledo, Ribera, Barroso, Sarmiento, Acuña, Pimentel, Sotomayor, Enriquez Zamudio, Zugazti, Guzman, Requesens, Zuñiga eta Fajardo. Guezugarak bakotxaren deskribapena egin dau heraldikaren arauei jarraituz. Mihisean armarrien koloreak, esmalteak eta detaileak zehatz margotuta dagoz. Presbitergo aurreko burdinazko hesian zizelkatu ziranek eta patroiaren aulkian dagozanek, ostera, era sinpleagoan dagoz eginda.
Burdinazko hesia egiteko enkargua Zaldibarko Juan de Aguirrebeitiari emon eutsan Enriquezek, eta hori 1774. urteko Andra Mari egunerako (irailaren 8rako) amaituta egon behar zala esan eutsan. Patroiaren aulkia data berekoa eta 1990. urtetik hona Bilboko Eleiz Museoan dago ikusgai.
Zamudiotorrearen jabetza Zamudio leinuaren ondorengoak izan dabe 1973. urtera arte. Urte horretan Baileneko dukeak ( Juan Manuel Cavero de Carondelt eta Bally) herriko Mendiguren familiari saldu eutsan; eta Mendigurentarrek, 1989. urtean, Zamudio herriari.
Dokumentuen transkripzinoak
Liburua bost dokumentuen kopia eta transkripzinoek osatzen dabe: Zamudio-Zugastiko maiorazgoaren jabetzearen atal bat, Arteagako San Martin eleizako burdinezko hesia eregiteko jartzen ziran baldintzak, eleizaren erretaularen ordainketea, Zamudioko jauntxoaren 1876. urtean ebazan jabetzak eta Sanchez del Reyek dorretxeari buruz 1945an idatzitako poemea.
Elementos heráldicos en la iglesia de San MartÃn de Arteaga de Zamudio liburua Amagoia Guezuragak Noblezia, Heraldika eta Genealogiaren Masterrerako egindako tesinan oinarritutako lana da. Liburua Zamudio liburudendan eta Elkar liburudendan (Bilbaoko Iparragirre kalean) dago salgai. www.lekonbarri@yahoo.es korreoko helbidean be eska daiteke.
Egilea
Amagoia Guezuraga Bilbao (Zamudio, 1967). Geografia eta Historian lizentziatua da, eta Euskal Kulturan graduondoa (1995) eta Noblezia, Heraldika eta Genealogian masterra (2005) eginda ditu. Geografia, historia, euskarazko klaseak eta heraldikaren ganeko tailerra emon ditu Bizkai eta Arabako ikastetxeetan. Era berean, Ontarioko (Oregon) Euskal Klubeko "Sustraiak" proiektuko lankide da. 1996tik Zamudioko liburutegian egiten dau behar.