Gure lanbidean gaur egun dabiltzanen %25 emakumezkoak direla irakurri dut ASIko (Sumillerren Nazioarteko Elkartea) aldizkari tekniko batean. Oso artikulu garrantzitsutzat hartzen dute, erabat positiboa; baina niri, egia esan, ezinegona sortzen dit.
Askok uste dutenaren kontra, gure lanbidea ez zela Frantzian sortu diote artikuluan. Penintsulan sortu zela Felipe II. erregearen garaian, eta horrek “copero†figura asmatu zuela. Frantsesek figura hori berenganatu zuten beranduago, eta “somelier†esan zioten.
Emakumeak hasiera-hasieratik jaso du diskriminazioa ardo munduan, mahastiari zegozkion lanak soilik ahal baitzituen egin: laborantza, mahatsak aukeratzea... Baina inoiz ez ardoaren analisia, egite edo dastatzearekin zerikusia zuen lanik.
Emakumea XX. mendearen erdialdean hasi zen hurbiltzen ardo mundura ikuspegi tekniko batetik, eta lehenengo emakume enologoak, sumillerak... agertu ziren. Patuaren paradoxek, nire ustez, ekarri dute emakumeek duten zentzumenen pertzepzio handiagoak hainbat mendeetan egon den isiltasunean izatea sorburua. Baita dituzten zuhurtzia, jakituria eta sentsibilitate handiagoek sorburu bera izatea ere. Ezaugarri horiek guztiek gure kolektiboko adierazgarririk onena bihurtu ditu emakumeak. Nire esperientzia horren lekukoa da. On egin.