Zabala da zerua, eta hamaika aukera ematen digu. Hegan egiteari beldurrik? Hegazkin txikia gidatzen ikasteko asmorik? Baserriaren aireko argazkirik eduki nahi? Paisaia beste ikuspuntu batetik ezagutzeko gogorik? Beldurra gainditu eta zerutik txoria legez ibiltzea posible dela ziurtatu digu Aitor de la Peña Air Quality enpresaren lurreko operazioen arduradunak.
Paisaia ikusgarriak ditugu Bizkaian, ederrak. Baina askoz ikusgarriagoak dira zerutik begiratzen diegunean. Air Qualityk lau ibilbide turistiko egiten ditu gure geografiatik.
Erabiltzaileek gehien eskatzen duten txangoa euskal kostaldetik doana da. Sondikako aireportuko terminal zaharretik Abrara abiatzen da, eta handik Urdaibaira. Turismo-hegazkinak buelta ematen du Elantxoben, eta Gernika, Mungia eta Bilboren gainetik hegan egin ondoren, irteera-lekura itzultzen da. Bigarren ibilbideak Kantauri itsasoko kostaldea ezagutaraziko digu: Castro, Oriñon, Noja...; eta hirugarrenak beste perspektiba bat emango digu Euskadiko tontorrei buruz: Urduña, Urkiola eta Gorbeia. Laugarren ibilaldiak Azkorri, Sopela, Larrabasterra eta Plentziako itsaslabarretara eramango gaitu.
Ordubeteko txangoak dira guztiak –azkena izan ezik, hura 30 minutukoa baita-, eta guztietan Bilbo gainetik egiten da hegan. Bidaiaria jesarlekuan jartzen den momentutik hasten da abentura, emozioa zeruan ez ezik hegazkin txikiaren barruan ere baitago. “Ezagutzen den zonaldearen gainetik hegan egiteko aholkua ematen dugu, 1.500 oineko altueran egiten denez oso erraz ezagutzen direlako paraje edo eraikuntzarik adierazgarrienakâ€. Hegalaldira argazki eta bideo kamerak eraman daitezke; beste eragingarri bat bidaiarentzat.
Txangoa astebete lehenago erreserbatu behar da, eta zerua zeharkatu ahal izateko, baldintza bi bete behar dira: hodei baxurik ez izatea, ezta hego haizerik ere. Baldintzok betetzen ez badira, beste egun bat aukeratu beharko da. “Instalazioetatik Serantes mendia ikusten bada, horrek hegan egin daitekeela esan nahi du. Oiz eta Jata mendiak ikusiz gero, eguraldi ederra izango dugu. Oso aproposa hegan egitekoâ€.
Txango mota hauek arrakasta handia dute eta astean 10 bat hegaldi egiten dira. Jendeak senideei eta lagunei oparitzeko hartzen ditu: senar-emazteentzat, ezkondu aurreko agur-ekitaldietan... Anekdotak ere badaude: behin batean, mutil batek zeruan eskatu zion neska-lagunari berarekin ezkontzeko. Turismo-hegazkinean gehienez ere hiru lagun sar daitezke pilotuarekin batera. Baina hegan egiteari beldur izatea ere gerta daiteke.
Fobia gainditzea
Bakoitzak baditu bere fobiak: altueren beldurra, agorafobia... eta beldur horiek eragina dute hegan egiteko orduan. Hegan egiteko beldurra kentzeko ikastaroa egiten dute hilero Sondikako terminal zaharrean. Psikologo batek erlaxatzen ikasteko teknikak irakasten dizkie ikasleei, eta pilotu batek hegazkinen funtzionamendua azaltzen du: hegazkinek zergatik egiten duten hegan, zer dira turbulentziak, kabinako zaratak... “Hegazkina garraiorik seguruena da. Abiazio Zibilak aldizkako azterketak egiteko eskatzen digu, eta pilotuak dena zuzen dagoela egiaztatu behar du hegan egin baino lehen. Motorrak ere frogatu behar dira. Ezerk huts egiten badu, bertan behera uzten da hegalaldia. Istripua dagoenean, aldi berean akats bat baino gehiago egon direlako izaten daâ€.
Eskola teorikoa jaso ondoren, errodadura egiten da pistatik, eta kontrol-dorrea bisitatzen da, erabiltzaileak ikus dezan zelan egiten den lana han. Prest dagoenean eta nahi badu, hegalaldia egiten du, psikologoarekin eta pilotuarekin batera. “Hegazkina hartu behar dutela pentsatze hutsak beldurra ematen die askori, eta txarto pasatzen dute benetan. Ikastaroa egin duten guztiek gainditu dute beldurra, eta batek pilotu pribatuen titulua atera zuen gaineraâ€.
Pilotu-eskolatik 51 lagun pasatu dira, eta gaur egun 15 ikasle ari dira azterketa prestatzen. Titulazioa lortuz gero, 1.500 kilotik beherako hegazkin txikia gida dezake erabiltzaileak Europa osoan zehar. “Ingelesaren oinarrizko ikastaroa ere ematen da, pilotua Estatutik kanpo irteten bada, hitz batzuk ezagutu behar dituelako kontrol-dorrearekin harremanetan jarri ahal izatekoâ€. Titulazioa lortzen dutenek hobbyagatik egiten dute, lagunekin edo familiarekin zerutik buelta bat ematearren. Hegazkin-taxia edo hegazkin handiagoak gidatzeko, pilotu komertzialen titulua eduki behar da.
Pilotu pribatua izateko ikastaroa 17 urtetik gorakoek baino ezin dute egin, eta mota biko osasun azterketa (armak erabiltzeko egiten denaren antzekoa) pasatu behar dute hori egin ahal izateko. Ikasleak teoria eta praktika uztartu behar ditu. Praktika irakasleak lagundurik egiten du hasiera batean; eta berak bakarrik, une egokia datorrenean. Horrezaz gainera, egun berean hiru aireportutatik pasatu beharra daukate, titulazioa lortu nahi badu. “Ikasgai bat edo beste zaila izan arren, hegazkina autoa baino errazagoa da gidatzenâ€. Ikastaroa 10 hilabetekoa izaten da; hala ere, malgua da eta ikasleen beharrizanetara egokitzen da. Titulaziorik atera nahi ez dutenentzat, hastapen ikastaroa egiteko aukera dago.
Zaila, Txorierrin
Txorierri gainetik hegan egitea uste baino zailagoa da. Loiuko aireportura hurbiltzeko eremuan dago eta kontu handiz ibili behar da hegalaldi komertzialei eragozpenik ez egiteko. Eraikinei, enpresei, baserriei, herriei... argazkia edo bideoa airetik egitea zaila da, baina ez da ezinezkoa. “Gehienbat erakunde eta enpresek eskatzen dute zerbitzu hori, ondoren webgunean sartzeko edo aurkezpenetan erabiltzeko. Dena dela, edonork eska diezaguke etxearen, negozioaren... aireko argazkia egitekoâ€. Aireko publizitatea ez dago oso modan Euskal Herrian, baina apurka-apurka hori ere hasi dira eskatzen.
Bigarren eskuko hegazkin txikiak 70.000 euro inguru balio du, eta garestiena ateratzen dena erregaia da. Hegazkin txikia aparkatzea merkea da: euro bat eguneko. Txokotzat erabiltzen diren hegazkintxoak ere badaude: lagun batzuek erosi eta txandaka egiten dituzte hegaldiak. Hangarrean mekanika-lantegia dago; arazo bat gutxiago, beraz. Eta zer esanik ez; hiriburura etortzen diren musikari, aktore, famatu, dirudunen... hegazkin pribatuek Sondikako terminal zaharrean hartzen dute lurra.