Hasi zanean inoren burutik pasaten ez ziran gertakariek hartu dabe gatibu bere azken egunetan dagoan 2008 urtea.
Arto eta bestelango zerealen erabilera ez ohikoaren arriskupean hasi zanari, petrolio-deribatuen goranzko joera mugaezinak emon eutson jarraipen galanta eta, alaitu be, alaitu euskuzan ondo baino hobeto udako lehenengo egunak. Sailkatzekotan komedia baltzaren generoan sailkatu daikegun antzezlan honek, alabaina, uda osterako eukan gordeta kapitulurik gordinena.
Antza, fidagarritasun gitxiko Alabama sakoneko sasirrapero batek eskatu eta itzuli bako mailegu hipotekarioagaz banketxetako tiburoiek egindako eta mundu zabalean banatutako bonboi finantzieroak gure inguruko lantegi txiki eta handietan dabilzan beharginak langabeziarako bidean ipintekotan dira, dagoaneko ez badagoz.
Bagenkian surfeatzen genduan ongizatearen olatuak noz edo noz behera egin behar ebala, baina, halanda be, zur eta lur lotu gara, eta lotzen gara, egunean-egunean entzun eta ikusten doguzanakaz.
Hasikeran aitatutako gatibu berbea errekuperau gura dot amaitzeko, neure burua halan ikusten dot eta. Bizi dogun oparotasun aroak gure kontroletik kanpo dagoan makina bat aldagairen menpe dagoala, Big Brother erraldoi baten txotxongiloak besterik ez garala, hurrengo urteek dakarrena lau-bost pertsonaje ilunen eskuetan dagoala pentsau izan dot beti.
Amaitzeko, edo hasteko, 2009 urtea. Giroa zeharo ezkor dabil, baina nork daki zer izango dan 6-12 hilabete barru? Rappelkeriatan hasita, 2009 urtea sasiadituek dinoen bezain txarra izango ez dala esatera ausartuko naz. Baietz asmatu!