<i>Guraso.com</i>; gurasoen premiak asetzeko webgunea

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 24a, 09:50

Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak eta Goiena Komunikazio Zerbitzuak guraso.com proiektua jarri dute abian. Gurasoei zuzendutako webgunea da eta bertan eurentzat interesgarriak diren hainbat gai topa ditzakete: teknologia berriak, osasuna, diru-laguntzak, sexualitatea edo hiztegiak, beste batzuen artean. Webgunea euskara hutsean egin dute eta atal nagusi bi ditu. Atal finkoan gurasoentzat interesa izan dezaketen gaiei buruzko artikuluak biltzen dira; eta atal dinamikoan, hainbat kolaboratzailek gai ezberdinen gainean idatzitako artikuluak jasotzen dira. Martxan sortzen diren albisteak, agenda, zorionak emateko txokoa eta argazki galeria ere badaude atal horretan. Guraso.com webgune interaktiboa da. Erabiltzaileak edozein galdera egin diezaieke webguneko kolaboratzaileei eta, era berean, ekitaldiak sar ditzake agendan, edo albisteak eskegi. Egitasmoa martxoan aurkeztuko dute Donostian; hala ere, Euskal Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei aurkeztea ere aurreikusi dute arduradunek, bailaraz bailara.