Sarri entzuten dugun aditza da hau, uztartu. Antzina, (b)uztartu, idi parea edo behi parea (b)uztarrian jartzea zen, baina gure gizarte moderno eta aurrerakoi honetan lana eta familia dira uztartu beharrekoak.
Hala ere, labur geratzen gara bi hauek aipatzean, lanaz eta familiaz gain, zaletasunak, lagunak, eta beste hainbat kontu ere uztarri horretara sartu behar direlako. Batez ere, emakumeen kasuan, uztartze lan hau egin egiten da, baina ez dakiguna da zelan, etxetik kanpoko lanaz gain, sarri etxekoa ere haien gain dagoelako. Etxetik kanpoko jardunaldia egin ostean, etxeko ardurak, garbiketak, erosketak, seme-alabak eta abar luzea ere haien ardurapekoak dira.
Lorpen handiak egin ditugu emakumeok etxetik kanpoko lan munduan, batez ere mendebaldeko herri garatuetan; ekialderantz eta hegoalderantz begiratuko bagenu, ezin izango genuke gauza bera esan, zoritxarrez.
Europan, emakumeari eta lanari dagokienez, iraultza handienak eginda daudela ematen du, baina gatozen egunerokora, etxekora, hemengo iraultza txikiak, oraindik ere egiteko ditugula uste dut.
Oraindik ere ohikoa da, adi egonez gero, emakume gazteak protestaka entzutea, nekatuta daudela, ia bazkaldu barik umeen bila eskolara, gero haiekin arratsalde osoa, eskolaz kanpoko jardueretara eraman behar direla, etxerako ekarri duten lana egiten lagundu behar zaiela, afariak...
Etxeko arduren banaketa egin gabe dago familia askotan; hobeto esanda, eginda dago, baina emakumeak hartu du bere gain logistika, hau da antolakuntza guztia, baita lan praktiko gehiena ere. Antolakuntza diot, askotan erosketak egitera joatea ez delako lan neketsua, erosketa-zerrenda goitik behera eginda utzi badizute, edo ez da hainbesterako txikiak eskolara eramatea, prestatuta utzi badizute zer jantzi, zer eman gosaltzeko, motxila guztiak eta enparauak, edo pediatrarenerako joan-etorria ere egin daiteke, baina nork du buruan, noiz duten umeek errebisioa, edo bakunak eta abar? Askotan emakumearen nekea psikologikoa da, bere lanaz eta arduraz gain besteenak ere bere gain daramatzalako.
“Iraultza txikiak†aspaldi hazi ziren emakumeen artean, baina asko aurreratu arren, oraindik ere badago zer hobetu norberaren inguruan, etxeko lanak egin ondoren, urrunagora indartsu jotzeko.