Irailean hasi zen Berbalagun egitasmoa Txorierri osoan eta dagoeneko 95 pertsonatik gora dira parte-hartzaileak. Gehienak (% 60) bidelariak dira, hau da, euren euskara hobetzeko mintzapraktika egitera datozenak; eta besteak, (% 40) bidelagunak, euskaraz ondo egiten dutenak eta euskal guneak sortzen laguntzera datozenak.
Txorierriko herri guztietan daude taldeak, guztira 21 talde daudelarik. Taldeak txikiak dira, bi eta zazpi Berbalagun artekoak, hurbiltasunak berba egiterakoan konfiantza ematen duelako. Astean behin batzen dira, eta talde bakoitzak erabakitzen du, non, noiz eta zer eginez bildu: gehienek kafe bat edo pote bat hartzen dute berba egiten duten bitartean, beste batzuk paseo bat ematera ateratzen dira, edo seme-alabekin joaten dira parkera, edo asteko erosketak egiteko aprobetxatzen dute. Azken baten, dakigun euskara hori eguneroko bizitzara ateratzea da Berbalagunen helburua: kalera, tabernara, dendara, patiora, mendira…
Berba egin, ezagutu eta gozatu
Mintzapraktika egiteaz gain, Txorierriko Berbalagunek hainbat ekintza antolatzen dituzte elkar ezagutu eta ondo pasatzeko, eta antzerkirako, bertso-saioetarako... sarrerak ere zozketatzen dituzte partaideen artean. Hilero-hilero mendi ibilalditxoa egiten dute domeka goizez Txorierrin bertan. “Txorierri ermitaz ermita eta +†izenburua ipini diote hileroko ibilaldi sorta honi, eta Txorierriko bazterrak ezagutzea du helburu. Orain arte, hiru etapa egin dituzte: lehenengoa, Erandio-Goiherri-Loiu; bigarrena, Loiu-Lauroeta-Derio; eta hirugarrena, Derio-Geldo-Zamudio. Ermitaz ermitako ibilbidea egin ez ezik, bidean topatzen dituzten leku eta eraikuntza interesgarriak ere ezagutzen dituzte ibilaldira datozenek; errotak, dorretxeak, bunkerrak, aztarna arkeologikoak, eta abar.
Azaroaren 29an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen zela eta, Berbalagunek triki-poteoa eta luntxa izan zituzten Loiun eta giro ederrean ibili ziren tabernarik taberna.
Otsaila eta martxoa bitartean, erreflexoterapia ikastaroa egin zuten Sondikan. Hamar lagunek hartu zuten parte eta hain gustura egon zirenez, ikastaroa luzatzea erabaki dute; beraz, apirilean bizkarreko masajearekin jarraituko dute.
Martxoaren 13an, Berbalagunek afari aparta izan zuten Goitioltzako txokoan, Lezaman. Berbalagun batzuk dotore mozorrotuta etorri ziren eta hauen artean lehiaketatxoa antolatu zen, hiru onenak nortzuk ziren erabakitzeko. Afari gozo-gozoa jan ostean, sari banaketa etorri zen. Lehenengo saria Lezamako Ingrit Gómezek irabazi zuen; bigarrena, Loiuko Esther Riegok; eta hirugarrena, Sondikako Gemma Verdager i Colomerrek. Afalostea guztiz borobiltzeko, Txan magoaren ikuskizun zoragarriarekin gozatu zuten bertara etorritakoek. Ikusleak aho zabalik utzi zituen euskal mago handiak, eta baieztatu zuen magia ez dela umeen kontua bakarrik. Umore ona izan zen nagusi eta denek primeran pasatu zuten.
APIRILERAKO ANTOLATUTAKOAK:
- Apirilak 26: Mendi ibilaldia, 4.etapa. Zamudio-Lezama-Goitioltza.
- Apirilak 28: Bilboko Arte Eder museora irteera. Museora etorri nahi baduzu deitu: 635.75.35.95 (izena emateko azken eguna apirilak 20).
- Apirilak 30: Helduentzako ipuin kontalaria, Iñaki Lasa. 20:00etan Derioko Larrabarri baserrian.