Ikusezazu elkarteak ikusezazu.com proiektua jarri du martxan orain dela gutxi. Hori euskarazko ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko webgunea da eta orotara, 321 bideo jarri dituzte ikusgai bertan. Kopurua handitzeko asmoa dute sustatzaileek.
Ikusezazu.com film, telesail edo dokumentalak on line eta euskaraz ikusteko dagoen webgune bakarra da. Dohaineko kultura zerbitzua da eta bertako bideoak on line ikusi ez ezik deskargatu ere egin daitezke. Gainera, erabiltzaileek ikusitako filmen gaineko iritzia bota dezakete foroetan. Are gehiago, filmak argitaratu ere egin dezakete: ikusezazu.com/harremana.
Beste alde batetik, elkarteak aitzindari.com aldizkari birtuala sortu du. Aldizkaria ikusezazu.com proiektuaren osagarria da eta han euskal kulturari buruzko erreportajeak, biografiak, musika, argazkiak eta abar argitaratzen dituzte.