Testua: Ixone Zubieta, Laiomendi taldeko dantzaria
Maiatzaren 17an Dantzari Eguna ospatu zen Bermeon. Egun aproposa benetan, santutegiari begiratuz gero, San Pascual Bailón baita berez egun horri dagokiona.
Benetan egun zoragarria izan zen, giro euskaldun atseginean, musika eta kolorea Bermeoko bazter guztietara zabaldu zen. Eguraldia ere ederra kontratatu zuten antolatzaileek.
Milaka lagun batu ginen bertan: batzuk dantzan, beste batzuk ikuskizuna ikusten. Eta zelan ez, ehunka pertsona hori guztia antolatzen, baina den-denak umore onean. Ez da batere erraza izan behar hainbeste jende gobernatzea. Gure taldeak, Lainomendi taldeak, urtero 10 dantza taldek osatutako ekitaldia prestatzeko izaten duen lana gogorra bada ere, ez da ezer bertan egiten denarekin konparatuz gero…
Ekitaldia antolatzeaz gain, dantzak koordinatzen saiatu dira antolatzaileak azken urte hauetan. Talde bakoitzak jatorrizko herrian egiten den dantzen bertsioa erabiltzea planteatu dute, eta horretarako, eguneko lanaz aparte, ikastaroak egin dituzte ikasturtean zehar. Baina, hala ere, batzuek errespetu gutxiz norbere herriko bertsioa mantendu dute.
2009ko Dantzari Eguna joan da. Orain egun horretan bizitako anekdotak gogoratu eta datorren urtekoari begira egotea geratzen zaigu.
Inoiz egon ez zaretenei aholku bakar bat: joan, bizi eta gozatu!