British-pop eta power pop estiloetatik oso hurbil dagoen musika jorratzen dute, baina rockaren ikuspegitik betiere. Sei Urte musika taldeak 4 estudioko laugarren diskoa aurkeztu zuen Zamudioko Pazko jaietan, eta Aikor! Iokin taldearen gitarra-jotzaile eta abeslariarekin egon zen.
Zelan irten da kontzertua?
Ondo. Lehenengo aldia izan da disko berriaren kantak zuzenean jo dituguna, eta beraz, Zamudiokoa ez da emango dugun kontzerturik onena izan. Hala ere, lehenengo kontzertua izateko, pozik lotu gara.
Baina ez da lehenengo aldia izan Txorierrin egon zaretena. Zelan hartzen zaituzte bertoko publikoak?
Askotan jo dugu Txorierrin (Lezama, Derio, Zamudio...) eta beti izan gara oso gustura. Antolatzaileek ondo zaintzen gaituzte, eta zuek nahi beste alditan itzuliko gara!
4 aurkeztu berri duzue, zuen diskorik helduena, beharbada?
Bai. Aurreko diskoetan “gure soinu†bila ibili gara, eta hirugarrenekin –Jauzia- lortu genuela uste dugu. Oraingo honetan gustura gauden bidea sakondu egin dugu, gure nortasuna sendotuz. Eta horrek ekartzen duen lasaitasunarekin landu dugu azken diskoa.
Hemen gaude, Karmasutra... mezu ezberdina dago abesti bakoitzaren atzetik.
Ez dago mezu bakarrik; abesti bakoitza mundu bat da. Hitzei seriotasun apur bat kentzen saiatu gara azken lan honetan. Talde bezala, gure sorkuntzaren egoera adierazi nahi dugu diskoetan. Hau da, momentu horretan zein musikarekin egiten dugun bat, zelako gauzei kantatu nahi diogun.
Disko berria webgunearen bidez eskatuz gero, hirugarrena oparitzen duzue. Adimena zorroztu behar da krisialdian?
Bai. Oso zaila da diskoak saltzea eta pena da, disko bat lan handiaren ondorioa delako eta ez da jadanik baloratzen. Guk, oraingoz, azken diskoa erosten duenari Jauzia oparituko diogu. Gutxi ez da, 10 eurogatik!
Krisiaren eraginik sumatzen zabiltzate musikari moduan?
Zorionez edo zoritxarrez, ez gara musikatik bizi eta zentzu horretan ez dugu krisirik sumatzen. Besteek bezala, krisia gure lanbideetan igartzen dugu. Dena dela, musikaren industria krisian dago aspalditik, baina hori ez da krisi globalaren ondorioa; aurretikoa da eta ez dakit konponbiderik duen.
Zelan ikusten duzue Euskal Herriko musika panorama?
Gaizki. Musikalki bere unerik onenean egon ez arren, arazorik handiena publikorik eza da. Jendeak interesa galdu du euskal eszenarekiko, eta lau edo bost talderi baino ez die jarraitzen. Hitz egiten dugun talde guztiek berdina esaten dute... Egoerak nahikoa etsipen sortzen du taldeengan.
Estoldetan sortu behar izan zenuten Metak diskoetxea itxi zutenean. Estoldetan diskoetxearekin lan bi kaleratu dituzue, eta azken hau, berriz, Baga-Bigarekin atera duzue...
Metak-en itxieraren ostean, gure diskoetxea sortzea izan zen aurrera jarraitzeko eduki genuen bide bakarra. Zorionez, Baga-Biga diskoetxeak konfiantza gugan jarri du orain, eta horrek asko lagundu egin digu. Orain soilik musika egiteari ekin ahal diogu, autoekoizpenak dakarren lan “zikin†guztia diskoetxeak egiten digu-eta. Gainera, diskoek oihartzun handiagoa lortzen dute. Baliabideak handiagoak dira Baga-Biga diskoetxearekin.
2002. urtean Euskadi Gaztearen Maketa Lehiaketa irabazi izanak famatu bihurtu zintuzten. Zelango oroitzapenak dituzue garai hartatik?
Une politak izan ziren. Urte asko generamatzan musika munduan lekua topatu nahian, eta lehiaketa irabazi izanak aukera eman zigun horretarako. Oso gustura gaude handik hona egindako ibilbidearekin. Ibilbide polita egiten gabiltzala uste dugu.
Udaren atarian gaude eta jaiak han eta hemen izango dira. Diskoaren aurkezpenekin ibiliko zarete, ezta?
Orain dagokigun lana hori da. Eta gehien gustatzen zaiguna denez... ba, primeran!
Sei Urte Euskal Herrian ez ezik Estatuan ere bada ezaguna. Zelango harrera izan duzue etxetik kanpo? Kanpoan jotzeko asmorik?
Jotzera Euskal Herritik kanpo irtetea asko gustatu zaigu betidanik. Harrera uste baino askoz hobea izan da egon garen leku guztietan eta, egia esan, kanpora gehiagotan irtetea gustatuko litzaiguke. Ea aukerarik dugun!
Diskografia
Bapatean (Metak, 2003)
Ekiozu (Metak, 2004)
Jauzia (Estoldetan, 2006)
Plateruenen zuzenean (Estoldetan, 2007)
4 (Baga-Biga, 2009)
Iokin: gitarra-jotzailea eta ahotsa
Julen: baxua
Ekain: bateria-jotzailea
Iñaki: gitarra-jotzailea
Gurean izan da