Bizkaiko Foru Aldundiak doako posta elektronikoa jarri du abian bizkaia.eu dominioan. Bizkaitarrok tresna hori erabili ahalko dugu bai administrazioarekin harremanetan jartzeko bai geure kontu pertsonaletarako.
Prestazio handiko posta elektronikoa da eta ezaugarri hauek ditu: doakoa da erabiltzailearentzat; mezuak bidali eta jasotzeko aukera ematen du; postontziak 5 GBko edukiera du; kontaktuak kudeatzeko aukera eskaintzen du; zereginen egutegia du; euskaraz eta gaztelaniaz dago; irisgarritasunaren A bikoitza du, minusbaliotasunen bat dutenek ere erabili ahal izateko; eta ez du publizitaterik.
Aldundiaren ustez, posta elektroniko hau Toki Administrazioaren eta bizkaitarren arteko komunikazio digitalerako formula bihurtuko da. Izan ere, herritarrek edozein gairi buruzko informazioa lortuko dute haren bitartez: dirulaguntzak, lan eskaintzak, kontratu publikoak eta eskaeren epeak, esate baterako.
Hamalau urtetik gorako bizkaitar guztiek gutun pertsonalizatu bat jasoko dute eta hartan posta elektronikoa aktibatzeko kode bat eta www.bizkaia.eu webgunerako esteka bat azalduko dira. Erabiltzaileak posta elektronikoaren kontu berria sortzeko aukera izango du bertan, bizkaia.eu dominioari lotua. Erabiltzaileak nahi duen izena jar diezaioke kontuari. Era berean, posta elektronikoaren helbide bat eta doako telefono bat jarriko dira erabiltzailearen eskura, bizkaia.eu posta elektronikoaren gaineko zalantzak argi ditzaten.
BiscayTIK
Bizkaia.eu posta sistema BiscayTIK proiektuaren ardatzetako bat da. Proiektuak helburu nagusi bi ditu: alde batetik, informazioaren teknologiak herritarrei hurbiltzea eta haien erabilera sustatzea; bestetik, Bizkaia informazioaren eta ezagutzaren teknologia berrien Europako erreferente bihurtzea. Horretarako, 45 milioi euroko inbertsioa egingo da eta hiru ardatz landuko dira: bizkaitar guztientzako doako posta elektronikoa sortzea; udalek erabiltzen dituzten sistema informatikoak berritzea eta webgune bat sortzea, herritarrek administrazioarekiko izapideak egiteko; eta nazioartean aitzindaria den teknologia zentro bat sortzea, proiektu berritzaile hau garatzeko.