Berrikuntza ez da industriari soilik dagokion terminoa, gaixoen sendabideak ere berritu egiten dira etengabe. Hala ere, animalien bidezko terapiak ez dira oso entzunak, eta, are gutxiago, zaldi-terapia. Sendabide mota hau da, hain zuzen ere, Eunate Guarrotxena larrabetzuarrak darabilena; bakarra, Bizkaian.
Zelan sartu zinen mundu honetan?
Nik Hezkuntza Berezian egiten dut lan, eta Madrileko Unibertsitate Konplutensean urte biko zaldiketa terapeutikoaren gaineko graduatu-ondoko ikasketak eta praktikak egin ditut. Duela bi urte, neure kabuz hasi nintzen lanean Lezamako Jeanen zalditegian, beste inork ez baitzuen eduki konfiantzarik arlo berri honetan.
Zertan datza terapia hau?
Hiru oinarri ditu: lehena zaldiaren tenperatura da, 38ºC ingurukoa, giharrak eta zainak erlaxatu egiten dituena; bigarrena, zaldiak igortzen dituen inpultsuek, 90-100 minutuko, estimulazio neuromuskularra sortzen dutena da eta eremu neuronal berriak martxan jartzen dituztena, eremu berri hauek txarto daudenak ordezkatu egiten dituzte; eta azkenik, hirugarrena garuneko paralisia dutenena da. Hauek ezin dute burua artez mantendu, eta ondorioz, ezin dira ibili. Beraz, zaldi gainean ibiltzea oinez ibiltzea, baina jesarrita, bezalakoa da eurentzat. Oreka ariketa batzuk eginda lepoa eta bizkarreko muskuluak indartzen dira, eta garunak ibiltzearen patroiak ikasten ditu, geroago oinez ibiltzea ahalbidetuko dituztenak.
Esandakoaz gain, besteak beste, ukimena, entzumena, ikusmena, oreka, koordinazioa, harremana, portaera oldarkorrak, auto-diziplina, auto-estima eta arnasketa lantzen eta hobetzen dira.
Nori dago zuzenduta?
Erabilera nahiko zabala dauka, baina batez ere arazo neuromotoreak (garun paralisiaren eta auto-istripuen ondorioz sorturikoak), psikomotrizitate ingurukoak edo arazo psikikoak dituztenentzat da egokia. Edozelan ere, kasu bakoitzari egokituz erabili behar da terapia.
Zein maiztasunarekin ezartzen da sendabide hau?
Kasurik gehienetan astero ordubetez erabiltzen dut terapia. Baina esan dudan moduan, kasu bakoitzarentzat protokolo eta programa bana egiten dut modu indibidualean; eta zenbait kasutan, autonomiaren arabera, taldetan. Izan ere, autonomia nahikoa dutenentzat oso garrantzitsua da zaldia ile-eskuilatu, zaldia ukitu, zaldia jagon... honek guztiak ere aurreko trebetasunak garatzen laguntzen baitu. Gainera, zaldiak talde-sena du, eta ez dauka aurreiritzirik; hau da, berdin zaio zelakoa zaren, eta gainean eramaten du zaldizkoa, horrengan harrotasuna sortuz eta auto-estima handituz. Horrezaz gain, zaldiak beti sortu izan du magia antzeko zera hori, bai umeengan, bai nagusiengan.
Zelakoak dira emaitzak?
Emaitzak nahiko azkarrak dira kasu gehienetan, geroago hobekuntzak astiroago gauzatzen badira ere. Kasu batean, adibidez, oreka eta psikomotrizitatea oso txarra zuen ume bat sei hilabetean pasa zen bizikletaz ibiltzera, eta horrek, zelan ez, indar handia eman zidan aurrera egiteko. Beste ume bat terapiaren ondorioz oinez ibiltzen hasi da, eta poztasun itzela ematen dizu horrek.
Zelan dago berton zaldi-terapiaren egoera?
Madrilen eta beste zenbait lekutan gaixoen elkarteak daude, eta euren bidez diru-laguntzak edo azpiegiturak lor ditzakezu. Hemen, ostera, ez dago inolako laguntzarik, oraingoz trabak baino ez dira topatzen. Izan ere, dauzkadan bezero guztiak ahoz aho egindakoak dira, esan dugun moduan, emaitzak adierazgarriak baitira. Eta arrakasta ikusita, zenbait lekutan hasi dira interesatzen orain. Honela, Gurutzetako ospitaleko errehabilitazio taldetik ere deitu naute esperientzia hau azaltzeko, nire kasuren batzuen aurrerakuntza ikusitakoan. Hala ere, medikuntza tradizionala nahiko geldoa da berrikuntzak bereganatzen, baina gazteak zabalagoak dira eta astiro-astiro interesa sortzen dabil.
Zein da terapia honen etorkizuna?
Nik uste dut zentro handi bat beharrezkoa dela, leku egokia izango lukeena, baita pista estalia ere, langileak behar den moduan kontratatuta eta baldintza egokiak edukiko lituzkeena. Zeren lan hau egiteko bi pertsona behar baitira: bata, zaldia eramateko; eta beste bat, kasu honetan neu, ariketak, jolasak eta postura aldaketak egiteko.
Momentu honetan proiektu bat lantzen nabil.Gaixoen elkarteak prest egongo lirateke horrelako proiekturen bat sustatzeko.
Osasuna