Ainara Ibarluzea eta Maria Martinez, futbolariak:

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 9a, 14:36

La Merced taldean aritu ostean, Arteaga-Derio taldean jokatuko dute aurtengo denboraldian Ainarak eta Mariak. Gazteak pozaren pozez dabiltza eman zaien aukerarekin. Kasu bietan senideek animatuta hasi zineten futbolean. Zaila izan ziren hasierak? Lauro ikastolan ez zegoen nesken futbol-talderik, eta mutilekin denboraldi bitan jokatu behar izan genuen. Ikastolako neskak animatzen joan ziren, eta taldea osatzea lortu genuen azkenean. Hala ere, gogor borrokatu behar izan genuen, ikastolakoek kasu egin eta taldea sortzeko baimena eman arte. Lauro taldea utzi eta La Merced taldera joan zineten, zergatik? Ainara: Lauro ikastolan futbol 7an aritzen ginen, eta, egia esan, neskei ez ziguten ematen kirol honetan jokatzeko behar beste ez baliabiderik, ez aukerarik. Are gehiago, futbol 11ko talde on bat osatu ahalko genukeen, baina ez ziguten kasurik egin. Lagun batek esan zidan La Marced klubean banuela futbol 11n jokatzeko aukera, eta hara joan nintzen. Talde horretan denboraldi bi eman ditut, eta oso esperientzia ona eta aberasgarria izan da. Maria: Ni Ainara baino urte bat naiz gazteagoa eta adina zela-eta, ezin nintzen futbol 11n aritu. Ikastolan zegoen egoera ikusita, Arteaga taldera joatea erabaki nuen eta ez naiz damutu. Arteagako entrenatzaileek prestakuntza handiagoa zuten eta asko irakatsi didate. Futbol 11n aritzeko beharrezkoa den adina bete nuenean, La Merced klubera joatera animatu ninduen Ainarak eta aurreko denboraldia bertan eman dut. Eta, gainera, txapeldunak izan zarete kadete/gazte kategorian. Pozik, ezta? Entrenamendu gogorrak egin behar izan genituen, eta dena eman zelaian. Esfortzuak fruitua eduki du eta txapeldunak izan gara aurreko denboraldian! Oso pozik gaude. Arteaga-Derio taldea sortu da aurten eta han aritzea erabaki duzue. Bazen garaia Derion, Txorierrin, nesken futbol-taldea egoteko? Bai! Guk betidanik jokatu nahi izan dugu herriko taldean, baina gaur arte aukerarik egon ez denez, beste klub batera joan behar izan gara. Arteaga-Deriokoak jokalari bila zebiltzala jakin genuenean, ez genuen askorik pentsatu. Herriari eta taldeari laguntzera etorri gara. Gainera, etxean hobeto egoten da, gusturago, hobeto tratatzen zaituzte. Jolaskide berriak ezagutzen dituzue? Bai, guztiak, edo gehienak, Deriokoak dira. Gu taldeko beteranoak gara, beste guztiak hasiberriak baitira futbol 11n. Ondorioz, adiago egon beharko gara zelaian, eta dakigun guztia gainontzekoei irakatsi. Denbora eta esfortzuarekin taldea aurrera eramango dugula uste dugu. Ziur! Arteaga-Derio taldeak aukera eskaintzen die Derioko neskei ez ezik Txorierrikoei ere. Gauzak nahiko aldatu egin dira gu futbolean hasi ginenetik hona, eta talde gehiago daude gaur egun. Baina neskok arazoak izaten jarraitzen dugu futbol 11n herrian bertan jokatzeko, eta askok kanpoko klubetara jotzea erabakitzen dute. Txorierrin badaude futbolean aritu nahi duten neskak eta ondo legoke gainontzeko herrietan ere taldeak sortzea. Bitartean, Derion dute aukera. Ea neska gehiago animatzen diren gurenera etortzera! Zer gustatuko litzaizueke lortzea kirol mailan? Athletic taldean sartzea, beharbada? Uf! Futbola izugarri gustatzen zaigu eta klub on batean egon nahi dugu, baina Athleticen izateak dedikazio handiegia eskatzen du. Hobitzat dugu futbola eta etorkizunean beste lan batean aritzea gustatuko litzaiguke. Beste alde batetik, guztiok dakigu zein den nesken futbolaren egoera mutilen futbolaren egoeraren aldean... Athleticen nesken haritik, garai batean izan zuten boomari eusten zaio, zuen ustez? Ez, gauza puntuala izan zen. Nesken entrenamenduetara, adibidez, lagun gutxi joaten dira, eta Lezama zalez gainezka dago mutilek entrenatzen dutenean... Gizonezkoen futbola eta emakumezkoena parekatuta egotea gustatuko litzaiguke, batzuek neskena bigarren mailako futboltzat hartzeari uztea, mutilek dituzten aukera eta abantaila berberak izatea, gure futbolak oihartzuna handiagoa izatea komunikabideetan... Ez dakigu, zaila ematen du! Ainara Ibarluzea - 16 urte, Derio - Taldea: Arteaga-Derio - Postua: eskuineko albokaria - Aurreko taldeak: Lauro eta La Merced - Garaipenak: Futbol 7ko Bizkaiko txapeldunak, kimu mailan (2004-2005, Lauro) Futbol 11ko Bizkaiko txapeldunak, kadete/gazte kategorian (2008-2009, La Merced) - Futbolaririk kutunena: Iniesta, Julen Guerrero, Iraia Iturregi eta Arrate Orue - Ikasketak: Batxilergoko 1. maila Maria Martinez - 15 urte, Derio - Taldea: Arteaga-Derio - Postua: erdilaria - Aurreko taldeak: Lauro, Arteaga eta La Merced - Garaipenak: Futbol 7ko Bizkaiko txapeldunak, kimu mailan (2004-2005, Lauro) Futbol 11ko Bizkaiko txapeldunak, kadete/gazte kategorian (2008- 2009, La Merced) - Futbolaririk kutunena: Puyol eta Iraia Iturregi - Ikasketak: DBHko 4. maila