Gitxieneko kirola da pala, baina Loiun honetarako zaletasuna piztu gura dau Irtxan taldeak. Helburu honeri jarraituz, txapelketak jokatu ohi dabez eta umeentzako eskola imini dabe martxan. Xehetasunak Javier Agirre presidenteak emon deuskuz.
Zelan sortu zan kluba?
Iñigo Gaztelu, Alberto Amarika, Jon Rementeria eta Javier Larrondo bildu ziran 2006. urtean eta kluba eratu eben. Guztiak dira jokalariak. Gero niri esan eusten klubean sartu eta laguntzeko, eta holan presidente bihurtu naz. Idazkaria Oscar Serrano da. Bitxia bada be, ez dot paletan olgetan. Partidak ikusi, ikusi egiten dodaz, baina jokatzeko, futbola nahiago dot (kar, kar). 2006. urtean hasi ginan Bizkaiko Federazinoak antolatzen dituan txapelketak jokatzen, bai Udaberriko Txapelketa, bai Bizkaiko Txapelketa. Ganera, zenbait herriek – Plentzia, Gatika edo Armintza, besteak beste– udan egiten dabezan txapelketetan be hartzen dogu parte.
Garaipen garrantzitsurik lortu dozue?
Bizkaiko Federazinoaren txapelketetan ez, baina herriek antolatzen dabezanen artean, Armintzan lortu egin dogu txapela orain dala gitxi, esate baterako. Dana dala, bagabilz gure jokoa hobetzen eta bikoteak finkatzen. Aurten pelotari guztiak bigarren mailan aritu dira, baina datorren denboraldian bikote bat behintzat lehenengo mailara igotzea espero dogu.
Zergaitik sortu zan taldea?
Txapelketak jokatzen doguz, baina hori ez da gure helburu nagusia. Guk palarako zaletasuna piztu gura dogu, eta horretarako eskola eratu dogu. Gurera ahalik eta mutil gehien gerturatu gura doguz eskola bultzatzeko. Aurten Loiuko etxe guztietara izena emoteko informazinoa helarazoko dogu. Eskolara etortzeko deialdia zabaldu gura deutset Loiuko ume guztiei.
Zenbat lagunek osatzen dozue kluba?
Hogei pelotari doguz federatuta, eta sei-zortzi mutil eskolan. Federatutakoen erdia Loiukoak dira, baina Bilbo, Mungia edo Barakaldotik be etortzen dira. Gazteenak 24 urte daukaz, eta zaharrenak, 50. Bataz bestez, 40 urte daukiez pelotariek. Mutilei jagokienez, Loiukoak dira guztiak, eta 8-12 urte daukiez. Gure jokalari bat, Alberto Uriarte, monitorea da eta horrek eskolak emoten deutsez umeei.
Zer erakusten deutsezue umeei eskolan?
Lehenik eta behin, teknika: zelan heldu pala, zelan jo, non kokatu frontoian, zelan mugitu.... Hortik aurrera, indarra lantzen dogu.
Zeintzuk dira klubaren gabezirik handienak?
Gitxieneko kirola da pala. Gatxa izaten da umeak guregana gerturatzea. Izan be, herri txikia da Loiu, eta hainbat kiroletan jokatzeko aukerea dago. Horregaitik, iminiko dogu martxan izena emoteko kanpaina herrian. Ez pentsa gehiegi eskatzen dogunik, eskolan 10 haur lortzen badoguz, pozik! Beste alde batetik, dirurik eza dogu. Gehiena guk geuk ordaintzen dogu: jokalarien kuotak, loteria eta materiala saltzen dogu, herriko udalak eta merkatariek diru-laguntzak emoten deuskuez... Eskertzekoa da guztien beharra.
Zein da klubaren jarduerea?
Astean bitan entrenatzen dogu eta asteburuetan txapelketak jokatzen doguz. Herriko jaietan pala txapelketea antolatzen dogu eta Urriko azokan postua iminten dogu. Honen bitartez kluba herrian ezagutzera emon gura dogu. Ganera, kamisetak eta materiala saltzen doguz bertan.
Jente askok ikusten dau esku-pelota, baina pala ez da hain arrakastatsua gaur egun; lehen, ordea, kontrakoa gertatzen zan. Zergaitik emon da bilakaerea?
Arrazoi nagusia telebista da. Azken bolada honetan izugarrizko apustua egin da esku-pelotaren alde, eta hamaika partida emoten dira astero-astero. Hori dala-eta, dirua dago pelotaren inguruan eta goi-mailako txapelketak antolatzen dira bai udan, bai neguan. Eta umeek telebistan ikusten dabena izan gura dabe. Eta esku-pelota baino ez bada emoten... Pala ahaztuta dago. Modalitate bakotxaren ezaugarriek zerikusia izango dabe horretan, agian. Pala ikustea, adibidez, zailagoa da: sarea dago jokalari eta ikusleen artean, jokoa askoz azkarragoa da eta batzuetan nekez jarraitu ahal jako pelotari... Loiun pelota eskola be badogu, baina klubak ez dau kudeatzen. Dana dala, eurek guk baino ume gehiago daukiez.