Ardoa atsegin izatea; kontatzeko era bi

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 18a, 12:00

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumillerra

Kaixo aikorlagunak! Uda amaitzear dago eta gutariko gehienok lanean hasi gara berriro. Hala ere, batzuk oporretan egongo zarete, eta beste batzuk krisialdiaren ondorio latzak pairatzen. Guztiei doakizue nire proposamena. Iaz, uda hastear zegoela, oporretan lagundu ahal ziguten proposamen batzuei buruz aritu ginen: disko bat, liburu bat eta pelikula bat. Bada, aurten oporren ostean egingo dugu; nostalgiari aurre egiten saiatuko gara, oporretako estresari, etorkizuneko zalantzei... Horretarako, bizi, emozio eta ardoz beteriko liburu bi gomendatuko dizkizuet. Lehenengoa Noah Gordon idazlearen La bodega da (Roca argitaletxea). Josep lanaren protagonista da eta haren onberatasunak, zintzotasunak eta esfortzuak hunkitu egingo gaituzte. Gogor arituko da, estatuko politika-egoera asaldatuan aurrera egin eta bere burua hezteko, maitasun eta ardo ona egiteko grinaren bidez, oso baliabide gutxirekin, baina gogo handiz. Bigarren istorioa Un viñedo en La Toscana da eta Ferenc Máték idatzi du (Seix Barral argitaletxea). Munduko ardo-paradisuetariko batera, Toskanara, eramango gaituen bidaia zoragarria da. Idazleak bere esperientzia pertsonala kontatuko digu, ametsa nola bete zuen: Toskana bezalako gune magiko baten bizi eta mundu mailan ezaguna den ardoa egitea. Ametsa betetzeko, Josepek baino baliabide gehiago izan arren, liburu honek ere hurbilduko gaitu munduko herrialde horretako giza paisaiara. Eta agian, era birtual batean, animatuko gaitu bidaiatzera; eta lagunduko digu udazkenari irribarre eginez begiratzen, hori gutxi ez baita. On egin!