Gurpide alkarteak lekukoa hartu dau Larrabetzuko Produktuen Azokan

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 23a, 14:56
Argazkia: MAS Lucena
Urriaren 17an, zapatuan, Bertako Produktuen Azokea egin eben hamaikagarren aldiz Larrabetzun. Azokea Arrekikili euskera alkarteak antolatu dau joan dan urtera arte, baina aurten Gurpide alkarteak hartu dau ha prestatzeko ardurea. Gurpide herriko ekoizle eta kontsumitzaile batzuek osatzen dabe eta helburu honeek dabez: kalitatezko produktu naturalak bultzatzea, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko zuzeneko hartu-emona berreskuratzea eta baserri ingurua sustatzea. Azokean 25 saltoki imini ziran eta larrabetzuarrek zein haraino hurbildu zirenek herrian bertan ekoiztutako produktuak erosteko aukerea euki eben. Ekitaldian Mugarik Gabeko Ingeniariak taldeak hartu eban parte eta lau eguzkiko sutegi jarri ebezan ikusgai. Sutegietan txorizoa eta pistoa prestatu ebezan. Antolatzaileek baserri bateko prentsa bat eroan eben plazara eta han sagarrak zapaldu ebezan. Zukua azokan egozanei emon eutsien dastatzeko. Eguerdian herri-bazkaria egin eben eta bertan 130 lagun inguru batu ziran. Arratsaldean bertso-poteoa izan zan herriko tabernetatik. Gurpide alkarteak azokea aprobetxatu eban bere jarduerea herritarrei ezagutzera emoteko. Halan, berriro erabil daitekezan poltsa birziklagarriak oparitu, eta liburuxkak banandu ebezan. Liburuxka horreetan produktuak etxez etxe saltzen dabezan ekoizleen kontaktua azaldu dabe, baita menuetan bertoko produktuak erabiltzen dabezan herriko taberna eta jatetxeen ganeko informazinoa be. Jakinarazo eben moduan, datozen hilabeteetan kontsumoaren ganeko jardunaldia antolatuko dabe. Lezaman eta Loiun be izan dira azokak Beste alde batetik, Nekazaritza I. Azokea egin zan Lezaman urriko lehenengo domekan. Guztira 40 saltoki imini ebezan, eta, besteak beste, produktu honeek egon ziran salgai: txakolina, gaztaia, kontserbak, euskal pastela eta barazkiak. Ekintzarik arrakastatsuena piperren dastatzea izan zan. Loiun Gastronomia eta Euskulangintzako Azokea izan zan urriaren 18an. Azokeak 27. edizinoa bete dau aurten, eta, aurrekoetan bezala, erabat arrakastatsua izan da, hara milaka eta milaka lagun hurbildu ziran-eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).