Harribitxiak

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 26a, 12:29

Testua: Joseba Butron, irakaslea

Gure Lurra miraria da unibertsoaren handitasunean. Milaka konstelazio eta izar-sistema daude, milioika izar eta eguzki eta milaka milioi planeta. Baina, dakigunetik, gurea da bizitza daukan bakarra. Harribitxi bat kosmosean, kristalezko bihotz bat. Eta Lurrean pertsonak, elkarrekin komunikatzen, pentsamenduak eta bizitzako gorabeherak kontatzen, sentimenduak adierazten… hizkuntza askoren bidez. Zenbat, baina? Ba, gure munduan 5.000 hizkuntza inguru daude, 16 familiakoak. Zehatz esanda, 16 familia eta bat gehiago: 17. Eta Europan? Ba, ez da oso aberatsa: 3 familiako 54 hizkuntza. Europako hizkuntz familiarik handiena indoeuroparra da. Orain 5.000 urte inguru zabaldu zen eta orduko hizkuntza guztiak aurretik eroan zituen. Guztiak? Ez horixe. Euskara ez zen desagertu. Horregatik da harribitxia. Izan ere, munduko hizkuntzak sailkatzen direnean, euskara da 17. familia: familia, adarra eta hizkuntza da aldi berean. Eguzki bat da hizkuntzen kosmosean, sistema oso bat, izar bat diz-diz. Horregatik, euskaraz egiten dugunean geu ere harribitxiak gara, eskuetan duzun AIKOR honen moduan. Munduaren handitasunean koloretako harribitxi distiratsuak gara euskaldunok.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).