Oier Beldarrain, txirrindularia: “Kirolak nasait

Aikor aldizkaria 2009ko abe. 17a, 10:55

Oier Beldarrain larrabetzuarrak zaletasun bitxia dau: jatsiereak egiten dauz mendiko bizikletaz. Hortik ezin izango da bizi, eta horregaitik Topografia ikasi gura dau datorren urtean Gasteizen, nahiz eta bertan zirkuiturik ez egon. Jatsiereak mendiko bizikletaz egiten dozuz... Mendiko bizikleta berezi baten mendi puntatik aldapan behera jatsiten gara ahalik eta arinen. Zintaz makatutako zirkuitua zehartzen dogu, eta bertan hainbat oztopori egiten deutsegu aurre: harriak, maldak, bihurruneak.... Arriskutsua emoten dau... Bai, bada. Aurreko udan erori egin nintzan eta eskumako klabikula apurtu jatan. Ohean emon neban uda osoa. Eta gurasoek zer esaten deutsue? Eurek esaten deuste ea zergaitik ez jatan gustaten xakea (gar, gar). Zelan hasi zinan kirol horretan? Espainiako Txapelketea ikustera joan ginan Galdakaora eta gustau jatan. Lehen futbolean eta txirrindularitzan aritzen nintzan, baina futbol taldeko entrenatzaileak esan eustan ezin nebazala jarduera biak aldi berean egin. Eta azkenean, bizikletea aukeratu neban. Zergaitik aukeratu zenduan bizikletea? Betidanik berezia iruditu jat kirol hori. Jatsiten nazan bakotxean, sentsazino bereziak dodaz. Adrenalinak gogor joten nau zirkuitutik ibilten nazanean, eta amaitzen dodanean, trankil-trankil gelditzen naz. Kirolak nasaitu egiten nau. Bizikleta berezia erabilten dozuela aitatu dozu... Bai. Esekidura hobea da, eta gurpilak lodiagoak dira. Motorren antza dabe bizikletek. Garestiak dira, eta askotan konponketak egin behar dira, baina bizikleta-denda batek laguntza emoten deust. Estatuako txapelketea jokatu dozu orain. Zelan esperientzia? Oso ona: 17. postuan amaitu neban, baina sukarrak jota ibili nintzan. Horregaitik, ez nintzan gustura sentidu, eta irrikan nago datorren urteko txapelketan parte hartzeko. Beste alde batetik, giroa oso polita izan zan. Kirol horretan oso gitxi gagozanez, primerako harremana dogu. Ez dago lehiakortasunik, anaitasuna baino. Zelangoa da txapelketen egutegia? Martxoan hasi eta urrian amaitzen da. Estatu mailan Galdakaon jokatzen da txapelketea eta urtean zehar hainbat saio dagoz. Eta Euskal Herriari jagokonez, bardin-bardin. Saioek kirola zabaltzeko aukerea emoten dabe. Zelan eta non entrenaten dozu? Normalean asteburuetan joaten naz lagunakaz mendira, eta bertan dagozan zirkuituetatik ibilten gara. Zirkuituak Bilbon, Galdakaon edo Kortezubin dagoz, esate baterako. Entrenamentua zati bitan banatzen da: alde batetik, iraupen fisikoa landu behar dot; bestetik, teknikea. Jenteak uste dau zoroak garala eta prestakuntzarik ez dogula behar, baina oker dabiltza. Zehetasunak zaindu behar doguz eta kontzentrazinoa be oso garrantzitsua da. Zelan ikusten dozu etorkizuna? Nik zaletasuntzat hartzen dot kirola, eta jakin badakit hortik bizi ezin nazana.