IZAE, Zamudioko Argazki Taldea: “Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta handiagoa da jakin-mina”

Aikor aldizkaria 2010ko urt. 25a, 15:37
IZAE oso talde gaztea da. Bienvenido Ferreiro presidenteak azaldu digunez, elkartea iaz sortu zen, argazki ikastaro batzuen ondorioz. Taldekideak lehen urratsak ari dira egiten argazkilaritza munduan. Noren ideia izan zen taldea sortzea? Udalak antolatutako ikastaro batean hartu genuen parte, eta irakasleak taldea sortzera bultzatu gintuen. Irakaslea Derioko Argazki Taldeko kidea da. Ideia ona iruditu zitzaigun, eta hemen gaude! Zenbat kide zarete? Hamaika lagun. Baina momentu honetan beste ikastaro bat egiten gabiltza eta han ere jende berria dago. Haiek elkartean sartzea espero dugu. Zein da elkartearen filosofia? Argazkigintzarako zaletasunak batzen gaitu eta jarduera honetaz gozatzea da gure helburua. Hori da gure zaletasuna, eta bakoitzak ahal duen neurrian edo bere denbora librearen arabera hartzen du parte taldean. Badakizue, denok dugu geure bizitza: familia, lana... Ekitaldirik antolatu duzue? Hasi baino ez gara egin. Hala ere, Lagatzu euskara elkarteak ekainean antolatutako Euskal Jaian hartu genuen parte, eta “argazki-erreportaje xume bat” egin genien, elkarteak ekitaldiaren oroigarri bat izan zezan. Bestalde, joan den urtean argazki erakusketa bat antolatu genuen Zamudiotorren, jendeari ikastaroetan egindako lana ezagutarazteko. Zein motatako ezaupide jaso dituzue ikastaroetan? Hiru ikastaro egin ditugu. Lehenengoan, argazki-makinaren erabilera izan dugu hizpide; eta bigarrenean, Photoshop programa. Orain egiten gabiltzan ikastaroan argazki-makinaren erabilera hartu dugu berriro. Laster beste ikastaro bat egingo dugu eta han Photoshop programan sakonduko dugu. Ikusten dugunez, argazki digitala lantzen duzue... Bai. Analogikoa baino errazagoa da eta aukera gehiago ematen ditu. Gainera, argazkia txarto ateratzen bada, berriro uki daiteke. Guztiak zarete afizionatuak, ala profesionalik badago zuen artean? Irakaslea taldeko kide egin da eta, hura izan ezik, beste guztiok gara zerotik hasitakoak. Beno, argazkiak mundu guztiak egiten ditu; edo saiatzen da egiten. Argazkilaritzaren jakin-mina genuen eta ikastaroak baliagarriak izan dira jakingura hori asetzeko. Argazki hobeak egiten ikasi nahi genuen, besterik ez. Eta orain erabat liluratuta zabiltzate... Izan ere, ikastaroak itzelak izan dira. Argazki-kamerak hamaika aukera dituela ikusi dugu, eta mundu horri buruz zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta handiagoa da gure jakin-mina. Txorierrin leku ederrak ditugu argazkiak egiteko. Teknologia Parkea oso deigarria da, nire ustez. Argazkiak eraikinei ateratzea gustatzen zait eta aukera zabala dut han, baserriak eta eraikin modernoak elkarrekin uztartuta daudelako. Aireportua ere leku aproposa da. Eraikina gogokoa dut eta hegazkinak lurreratzen direnean ikustea gustatzen zait. Hala ere, oraindik ez dut leku onik topatu argazkiak ateratzeko. Horretan nabil. Sondikan eta Derion ere Argazki Elkartea dago. Harremanik duzue haiekin? Derioko elkarteak Argazki Txapelketa antolatu zuen eta gu haiekin egoteko aukera izan genuen, txapelketa zelan antolatzen den ikusten. Baten batek komentatu zuen zerbait antolatu behar genukeela hiru taldeen artean. Gu prest gaude. Proiekturik duzue esku artean? Taldea sortu berria da eta momentu honetan ikasten jarraitzeari ematen diogu lehentasuna. Baina, beno, aurten beste erakusketa bat egingo dugu ikastaroen haritik. Interneten topagune birtual bat sortu dugu eta bertan IZAEko kideok geure argazkiak eskegi ditzakegu, eta beste kideek egin dituzten lanak eskuratu. Plataforma horrek aukera handiak ematen dizkigu talde-lana hobeto kudeatzeko. Ah, norbaitek gurekin jarri nahi badu harremanetan, helbide elektroniko honen bidez egin dezake: izae2009@hotmail.es.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).