Etengabe sortzen

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 15:11

TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak AIKOR! aldizkariaren 8. urteurrena ospatu zuen urtarrilaren 29an, Zamudioko Teknologia Parkean. Bertara berrehun euskaltzale inguru bildu ginen, Txorierriko hainbat arlotakoak: baserritarrak dendariak, irakasleak, kirol eta kultura elkarteetako kideak, aldizkariaren kolaboratzaileak, lagunak... Txorierriko alkateak eta Mankomunitatearen ordezkariak ere hurbildu ziren jaialdira. Ekitaldia arrastiko 8etan hasi zen, Teknologia Parkeko eraikin nagusian. Txalaparta hotsek eta Lainomendi Derioko taldeko dantzariek ongietorria egin zieten bildutakoei. Aurreko urteetan bezala, Udane Goikoetxea kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia. Kanpoan hotza eta euria ziren nagusi, baina barruan giro goxo-goxoan murgiltzeko aukera izan genuen. Aurkezleak hitza eman zien hizlari, musikari eta protagonistei: Sorkunde Aiarza Zamudioko alkatea, Xabier Goienetxe aldizkariaren zuzendaria, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak eta Astrapala Lezamako musika taldea. Era berean, TOTOANek sorreratik hona abian jarritako proiektuak aipatu zituen, eta etorkizuneko egitasmoen berri eman: Baserri Antzokia, besteak beste. Ekitaldia biribiltzeko, AIKOR! sariak banatu ziren. Lehenengoa Zamudioko RPM Suministros Informáticos enpresak jaso zuen. Bigarrena, Iñaki Astorkiza, Alberto Martinez de la Cuadra eta Jagoba Zallo aldizkariaren zuzentzaileek. Era horretan, euskararen eta aldizkariaren alde egiten duten lana eskertu genien. Sariak banatu ostean, kopaua eskaini zen eraikineko harrera-lekuan. Lagunen arteko solasaldia Bertoko Zamudioko taldeak girotu zuen.