Nor, bere ofizioan

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 25a, 14:34

San Krispin zapatarien zaindaria da eta harek leku pribilegiaua dau Jon Gastañagaren dendan. Tailua enkarguz eskatu eutsen artisau batzuei, santuaren irudia ez ebalako inon topaten; argazkietan baino. Sondikako zapataria urte bi barru jubiladuko da; edo ez, beharbada. Aitortu dauenez, oraindino ez dauka argi zer egingo dauen momentua ailegaten danean. “Hori gogoaren arabera erabagiko dot”. Jon zapatari bakarra da Sondikan, baina herrian ez eze Txorierri osoan be bada ospetsua. Izan be, bezeroak Larrabetzutik, Lezamatik eta Zamudiotik be joaten jakoz. “Ea zapatari ona nazen? Ba, ni ez naz horri erantzuna emon behar deutsana. Gatxa da guztiak pozik izatea. Nik ahaleginak egiten dodaz”. Gustura dago beharragaz. “Osterantzean, ez dozu ezer egiten. Nire bizimodua zapatakaz da”. Ogibidea orain 40 urte ikasi eban. Jon galdaragintza-lantegi baten egiten eban behar, baina istripua euki eban eta bizimodua beste era baten ateratea pentsau behar izan eban. Zapatari-ogibidea profesional batzuekandik ikasi eban eta, ondoren, negozioa jarri eban Larrakoetxen, Loiun. Hogei urte emon ebazan han. “Beharra urtean zazpi hilebetean neban. Oporraldietan, eskolak-eta itxita egozanean, behar gitxi egoten zan. Beste alde batetik, negozioa egoan lurra ez zan nirea, herriarena baino. Eta handik alde egin behar izan neban. Herrian bertan lokal bat emongo eustela esan eustan Udalak, baina nik beste leku baten begiratzea nahiago izan neban”. Aukera batzuk aztertu ostean, negozioa Sondikan martxan ipintea erabagi eban. Beste 20 urte pasau dira harrezkero. Sektoreak kili-kolo dagoala dino Jonek. Eta euroak eragina zuzena euki dauala horretan. “Egoera antzekoa da sektore guztietan. Euroak produktuak garestitu egin ditu eta jenteak handik edo hemendik kendu behar izaten dau hil amaierara ailegeteko. Jarraitzen dabe zapatak konpontzera ekarten, baina kostaten da bila etortzea”. Ekonomia-krisiak egoerea gaiztotu egin dau. Urina bezala Gaur egungo zapatak ez dira atxinakoak baizen onak, Jonen ustetan. Orain iraungite-datea daben materialak erabilten dira eta sasoi baterako erosten diran zapatek ez dabe hurrengorako balio izaten. “Neguko zapatak erosten dozuz aurton, eta zolea “urina bezala” dabe hurrengo negurako. Zola hori ezin da ez itsatsi, ez untzetu, ez josi. Eta barria ipini behar da. Baina zola barria ipini baino merkeago ateraten da zapata barriak erostea.”. Zapatariak fabrikatzaileen kontrakoak dirala azaldu dau Jonek, “eta ez jake interesaten guk euren zapatak konpontzea”. Zapatak konpontzeaz ganera, hainbat produktu saltzen ditu dendan: kordoiak, barne-zolak, betuna... Bezeroak kalidadea nahiago dauela aitatu dau. “Errazago saltzen ditut 15 euroko barne-zolak, 2,5 eurokoak baino”. Larrakoetxeko dendan zapatak salgai be bazituen, baina Sondikakoan ez jartea erabagi eban. “Denpora luzea emoten dozu zapatakaz dendan, eta ez da errentagarria. Ganera, bezeroa pozik lotzen ez bada, zu be ez zagoz pozik. Dendea kendu nebanean, saldu barik nebazan zapata guztiak baltz bati emon neutsazan. “Ateraten dozuna, zeuretzat”, esan neutsan”. Berak zapatak sortzea be ez deutso inoz bere buruari planteau. “Konpetentzia handia dago eta nire zapatak guratsu bik baino ez leukiez jantziko. Ez dau merezi”. Behar bereziak Pozik dago bezeroakaz eta beharra ez dau faltan. Zapatak ez eze narruagaz zerikusia dauan edozein gauza be konpontzen ditu: boltsak, garrikoak... “Kremailerak izan ezik; buruhauste handiak emoten dabez horreek!”. Eta konponketa bereziak be egin ditu: helikoptero baten jarlekuen zorroa edo zaldiz ibiltzeko zelak, banaka batzuk aitatzearren. Berba egiten dogun bitartean, burura etorri jako orain urte batzuk gertatutako pasadizu bat. Behin, Audi baltz bat gelditu zan denda ondoan, eta handik oso ondo jantzitako gizon batek urten eban. Dendara sartu eta zapatei piliak jarri gura eutsezala esan eutsan, laban egiten ebelako. Baina konponketea momentuan bertan egin behar eutsala, ez ebalako beste zapata pare bat. “Egunkaria itxi neutsan, entretenidua egoteko, eta, beharra amaitu nebanean, kreditu-txartelagaz ordaindu ahal eban galdetu eustan. Nik ezetz erantzun neutsan, baina banketxeak egozala handik paraje. Oraindino ez da bueltau!”.