Pazko jaiek askotariko ekimenak ekarriko dizkiete

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 10:50

Argazkiak: Asier Amarika

Badaude osagarri bi beharrezkoak direnak edozein jai asean eta betean irteteko: musika eta gastronomia. Horiei kirola, dantza, umeentzako ekitaldiak eta txapelketak gehitzen badizkiegu, jai-egitarau itxurosoa dugu emaitzatzat. Eguraldi ona Zamudioko jai-batzordeak hainbat aukera eskainiko dizkigu aurtengo Pazko jaietan. Txupinazoa maiatzaren 21ean botako dute, arratsaldeko 7:30ean. Hortik aurrera asteburu osoa izango dute jaiez disfrutatu ahal izateko. The Bon Scott Band, Esne beltza eta Amaiur taldeen eskutik berotuko dituzte motorrak. Hurrengo egunean, zapatuan, txapelketa bi egongo dira Bidekoetxe parkean: alde batetik, Sukalki Txapelketa, klasiko bihurtu dena; eta bestetik, Zaldi-jauzi Txapelketa. Azken hau joan den urtean egin zuten lehenengo aldiz eta oso arrakastatsua izan zen. Gainera, umeek zaldien gainean paseotxoa emateko aukera eduki zuten eta guztiak poz-pozik ibili ziren. Aurten ere ekitaldia antolatzea erabaki dute horregatik, beharbada. Patxi eta konpainia taldeak bazkalostea girotuko du eta abesbatzek iluntzean hartuko dute txanda. San Martin elizan hauek emango dute kontzertua: Zamudioko Kamara Korala, Chalys odalys, Mendi ona eta Isasiko Ama. Gauez ere musika ozen entzungo da plazan. Deskontrol, Maitips eta Akerbeltz taldeen txanda izango da. Domekan umeentzako jolas-parkea atonduko da eskolan eta goizean pilota partidak egongo dira. Frontoian afizionatu mailako pilotaririk onenak arituko dira norgehiagoka. Hiru bat taldeak dantzen agerraldia eskainiko du eskolan eta arratsaldeko 7etan “Kanta herriari” ekitaldia izango da. Ekitaldiak euskal folkloreari keinua egitea du helburu eta bertan Txomin Artola, Gontzal Mendibil eta Niko Etxart abeslariek hartuko dute parte. Pazko jaiei astelehenean esango diegu agur. Goizean kopaua eskainiko da elizpean eta arratsaldean Mus eta Briska Txapelketak antolatuko dira Adinekoen Etxean. Maiatzak 16, barikua Zamudioko VII. Slaloma Maiatzak 21, barikua 19:30: Txupinazoa eta gozokiak. 19:45: Kalejira, txistulariek, trikitilariek eta buruhandiek girotua. 21:00: Perretxiko-jana. 23:00: Kontzertuak: The Bon Scott Band + Esne beltza + Amaiur Maiatzak 22, zapatua Sukalki Txapelketea, Bidekoetxe parkean. 11:00: Zaldi-jauzi Txapelketea, Bidekoetxe parkean. 11:45: Kalejira. 14:00: Sukalki Txapelketearen sari-banaketea. 17:00: Dantzaldia, Patxi eta konpainia taldearekin. 19:00: Gorritiren animaliak. 20:30: Koralen kontzertua, eleizan: Zamudioko Kamara Korala, Chalys odalys (Kanariak), Mendi ona (Sodupe) eta Isasiko Ama (Gordexola). 23:00: Kontzertuak: Deskontrol + Maitips + Akerbeltz. Maiatzak 23, domeka 10:00: Umeentzako jolas-parkea, eskolan. 10:00: Pilota partidak. 11:00: Mezea. 11:45: Kalejira. 13:00: Herri kirolak, plazan. 17:00: Dantzen agerraldia, Hiru bat taldearen eskutik, eskolan. 19:00: “Kanta herriari” ekimena: Txomin Artola, Gontzal Mendibil eta Niko Etxart. Maiatzak 24, astelehena 12:00: Mezea. 12:30: Kopaua trikitilariek girotua, eleizpean. 16:30: Mus eta Briska Txapelketak, Adinekoen Etxean.