Derioztarrak prest dagoz jaietarako

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 12:02

San Isidrok aurre egin deutso krisialdiari eta derioztar guztiei zuzendutako ekitaldi sorta zabala eskiniko deusku maiatzaren 14tik 17ra bitartean. Ohiko formulek emaitza ezin hobea badabe be, nobedadeak be egongo dira. Eta lehenengo nobedadea Sukalki Egunaren eskutik etorriko jaku. Gaur egun arte ekitaldia jai-egitarauaren barruan egin da, baina aurton handik kanpo atera eta maiatzaren 8an izango da. Ekitaldi honek beraz, era batean edo bestean, hasierea emongo deutse jaiei. Jesus Lagunas kultura zinegotziak azaldu dauen bezala, Sukalki Eguna derioztar guztien eguna bihurtzeko asmoa dau Udalak. Alkarte guztiei gutun bana aginduko jake ekitaldian parte hartzera animeteko, eta herritarrei be animauko jake egun horretan alkondara zuria eta Derioko zapia janztera. “Bertan ahalik eta lagun gehienek parte hartzea gurako geunke. Ganera, txapelketaren ostean, herri-bazkaria egingo da frontoian”. Sukalki Eguna frontoiaren ondoko parkingean egingo da eta han umeentzako tailerrak be antolatuko dira, “gastronomia gaztetxoei hurbiltzeko”. Maiatzaren 8a mobimentu handiko eguna izango da Derion. Aitatutako ekintzaz aparte, Uribe Kostako Areto-futbolaren Txapelketaren finalak hango kiroldegian egingo diralako. Untza mendi taldeak pregoia irakurriko dau aurtengo jaietan eta hori maiatzaren 14an, arratsaldeko 8:30ean izango da. “Orain dala urte bi dinamika honetan sartu ginan: pregoia herriko alkarteek irakur daien. Dinamika horri jarraitu eta aurton Untzari jagokon eginbeharra. Hogeta hamar urte bete ditu eta ibilpide luze honetan egindako beharra aintzatetsi gura dogu”. Zinegotziak aitatu deuskun bezala, sorpresaren bat be egon liteke pregoiaren irakurketan. Maiatzaren 15a Zaindariaren Eguna ospatuko dabe derioztarrek eta egun osoan zehar dibertimentua nagusi izango da herriko kaleetan: tailerrak, dantzak, idi probak, jokoak, hip-hoparen kontzertuak... Udal txakolinaren aurkezpena Hurrengo egunean Elikagai eta Eskulan Tailerren Azokak hartuko dau txandea, San Isidroko jai-egitarauko ekintzarik erakargarrienetariko bat dana. Azokea XV. aldiz egingo da aurton eta, besteak beste, honeek antolatu dabez horren barruan: Iparraldeko jokoak, txahalaren dastatzea, Pintura Lehiaketa eta tailerrak. Horrezaz ganera, Errekalde txakolina aurkeztuko da jente-aurrean. Hori Derioko Udalak berak ekoizten dauan txakolina da eta lehenengo ekoizpena aurton atera da. Beste alde batetik, arratsaldean, Derioko I. Koparen finalak jokatuko dira frontoian. Aurreko urteetan pelotai profesionalen partidak izan dira, baina aurton pelotari afizionauei bultzada emon gura deutse Udalak. “Txapelketan Euskal Herri osoko pelotariek hartuko dabe parte, laster maila profesionalera saltua emongo dabenak. Txapelketa apirilaren 30ean hasi eta maiatzaren 16an jokatuko dira finalaurrekoak eta finalak”. Maiatzaren 17a umeei zuzendutako eguna izango da. Goizean zein arratsaldean era askotako ekintzak antolatu dira herriko gaztetxoen gozamenerako: puzgarriak eta jolas-parkea, simulagailuak eta skate-parkea, Marrazki Lehiaketea eta kale-antzerkia, banaka batzuk aitatzearren. Egun horretan be amaierea emongo jake jaiei, asteburuan zehar izandako ekitaldiek ahoan sabore ederra itxi deuskuela eta datorren urteko jaiak laster etorriko diralakoan. Derioko alkarteek ezinbesteko papera euki dabe herriko jaiak antolatzeko orduan. Beste edizinoetan erakutsi daben moduan, gogor egin dabe aurton be bai, proposamenak egiten eta ekitaldiak antolatzen. “Euren laguntzea ordainduezina da. Oso alkarte aktiboak doguz Derion eta beti dagoz prest hau edo bestea antolatzeko. Ekitaldiok jai-egitarauaren barruan ez ezik handik kanpo be izango doguz. Holan, maiatzean eta ekainean be hainbat ekintza eukiko dogu herrian: jantzien erakusketa, slaloma, ibiltaldi neurtua eta Tiragoma Txapelketea, esate baterako”. Maiatzaren 8a, zapatua. Sukalki Eguna Sukalkia, frontoi ondoko parkingean. Ipar-Alde abesbatzaren eskutik. Umeentzako tailerrak. Animazinoa, Bertoko taldeagaz. 10:00: Uribe Kostako Areto-futbolaren Txapelketaren finalak, kiroldegian. Artega taldearen eskutik. 12:00: CemenDerioRock ekitaldia, Santzoka alkarteak antolatua. 12:30: X. Argazki Rallyaren sari-banaketea, Gurea Aretoan. DAT-ek antolatua. 16:00-19:00: Taberna Ibiltaria. Maiatzaren 14a, barikua 19:30: Konpartsen jatsierea. Txapelketea eta animazinoa, Leioako musika bandeagaz. 20:30: Pregoia, Untza mendi taldearen eskutik. Txupinazoa eta txitxi-burruntzia, Odol argia eta Subyke alkarteen eskutik. 22:30: Kontzertuak, txosna-gunean: Lor, Betagarri eta Trikizio. Tximintx euskera alkartearen eskutik. Ostean, diskotekea. Maiatzaren 15a, zapatua. San Isidro 11:30: Mezea. 11:30-14:00: Umeentzako tailerrak. Animazinoa, Bertoko taldeagaz. 13:30: Ipuin-kontalaria. 18:00: Dantzen agerraldia, Lainomendi dantza taldearen eskutik. 19:00: Idi probak. 19:00: Umeei zuzendutako herri kirolak eta jolasak, Probaleku ondoan. Kulki taldearen eskutik. 23:00: Berbenea, txosna-gunean: Luhartz. Ostean, diskotekea. Maiatzaren 16a, domekea. Azokaren Eguna 10:30-14:30: Elikagai eta eskulan tailerren azokea: txakolin eta txahalaren dastatzea, umeentzako tailerrak, zanpantzarrak eta II. Pintura Lehiaketea. 11:00: “Dalmazio Langarika” VIII. Memoriala, Seminarioan. Euskadi Txirrindularitza Irakaskundeak antolatua. 17:00: Derioko I. Koparen finala (eskuz banakakoa; 4 ½ modalitatea), frontoian. 18:00: Briska Txapelketea eta Pintura Lehiaketearen sari-banaketea. Dantzaldia, Cocktail orkesteagaz. 19:00: Dantza latindarren Txapelketa, Nagusien Etxeak antolatua. Maiatzaren 17a, astelehena. Umeen Eguna 11:30-14:00: Puzgarriak eta ludotekea. 12:00-14:00: Gazteentzako ekintzak, San Migel plazan: simulagailuak, skate parkea, sumoa eta trikimakoak. 12:30: Marrazki Lehiaketea, Odol argia alkarteak antolatua. 16:30-19:30: Umeentzako jolas-parkea. 18:00: Marrazki Lehiaketearen eta konpartsen sari-banaketea. 19.00: Kale-antzerkia: Charabia, El negro y el flaco antzerki taldeagaz. Jaien amaierea eta txokolatadea.