Txorierri?

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 12:08

Testua: Udane Goikoetxea, esataria

Musikea barruan entzuten da, lurraren kontra gure burua ez kolpatzeko. Plastikozko jesarlekuak erraz apurtzen dira, betadine eguna da naturarentzat. Ateak zabalduko dira eta ez dau inork urtengo. Idarrak jaten doguzanean arnasea biribila da, gaur estua. Mundua zutabeetan dago, espazio hutsetan be bai. Txoriei ulea mozten eutsien ametsetan. Guzurrak aurkitzen dira tomate birrindu potoetan, askoren ahoetan. Artizarrak atzo urten egin eban baina Plutonek jan, bardin da, hemendik ez dira ikusten. Ez dago hotzik baina burua jertsepean sartzen dogu. Behar dogunaren eskua sendoago estutu beharko geunke, ostantzean zooko lehoien artera jausiko gara. Ez dago hotzik. Eta kareharriaren kolorea dauka goizak. Grisegi. Urak etengabe garbitzen ditu lurraren zainak. Dana dago bustita, txoriak ere bustitzen dira anbulantzia eta euri egunetan. Euritakoen bataila, kale kaotikoetan, amaierarik ez daukien bideetan. Egunotan zer egiten dabe zozoek? Zelan sikatzen ditue lumak. Luma ilunak. Luma fin besteko sendoak. Badakie babesten. Joaten dira arboletara, arbolarik balego, ze gizakiok babes barik izten doguz... Arbolak. Zozoak. Kaleek ez daukie amaierarik eta bustitzen gara guardasolen bataila absurdoan. Ez dakigu babesten. Jarraibideen eskulibururik, eta ez dakigu zertan babestu. Edo makilatu edo lehertu. Zozoak babesten dira. Lumak puzten ditue hotz diranean...Orain udabarria da, zerua urdina da. Udabarria odol barria dino esaera batek. Baina galdu dira antza, hemen ez dagoz. Gero eta gauza gehiago galtzen dira, eremu planoetara heldu arte. Intentsidaderik bako itxarote-gela baten sartu mesedez. Eta jakingo dogu zer sentitzen daben. Zozoak joan ziren. Non dagoz beste guztiak? Ez dozue ezer idazten, aditz forma guztien gainetik. Musikea barruan entzuten da, lurraren kontra gure burua ez kolpatzeko. Hara eretxi artikulua idazteko mila ahalegin. Ezin. Idatzi bai, eretxia era egokian azaleratu ez. Nekatu bai, ostera. Gaur ez da txori kanturik entzuten. Musika barruan baino ez. Eta errua bideena da. Autobusak, kamioak, autoak, danak dira kantari. Zozoak joan ziren. Non dagoz beste guztiak? Birigarroak, kardantxiloak, txindorrak, elaiak, txepetxak, arranoak, mikak, belak, saiak, gau-ontzak, miruak, hegaberak eta enparauak. Txorierri.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).