Krisia ala krisian?

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 24a, 15:17

Testua: Jose Antonio Lekue, baserritarra

Azken krisi honek nekazaritzan duen eraginaz galdetzen didatenean zalantza izaten dut beti, eta ez dut jakiten justu zein den lehenago, krisi ekonomikoa ala nekazaritzaren krisia. Krisi honek eragina duela lehenengo sektore osoan ez dago zalantzarik. Beste sektore guztietan legez, gutxiago saltzen baduzu eta merkeago egin behar baduzu, eragina argia da. Baina nekazaritzako krisia ez da duela bi urtetik honakoa, datuak argigarriak dira: Euskal Erkidego Autonomoan 1999an 39.956 baserri bazeuden, gaur egun 25.000 (1) baino ez dira gelditzen. Baserriko lanpostuen %43 inguru galdu dira. Gehiago oraindik, gure baserrietan produzitzen dena barne kontsumoaren %20ra ez da heltzen (2). Hori guztia ikusita, nik esango nuke gure lehen sektorea krisi sakon batean sartuta dagoela, baina aspalditik. Horri krisi ekonomikoa, energetikoa, ekologikoa... gehitzen badiogu, gauzak beste era batera egin behar ditugula uste dut. Nekazaritzatik begiratuta, azken urteotako ekoizpen eredua krisi ekonomiko honen bultzatzaileetariko bat izan dela esango nuke, hau da, agro-industriak, era guztietako kontzentrazioak (Beyena kasurako), enpresa gutxi eta jakin batzuen munduko elikagaien kontrola, elikagaiak produzitzen diren tokitik kontsumitzen direnera 2.000-4.000 km egitea, eta abar luze bat. Beraz, lurra eta pertsonak errespetatuko dituen baserri-eredura jo behar dugu berriro. Herrialde bakoitzak berak kontsumituko dituen produktuak ekoizteko ahalmena izan behar du, horretarako produkzio eta kontsumorako zirkuitu laburrak antolatuz, energia, ura eta beste lehengai gutxiago gastatuko dutenak. Horrek guztiak beste era bateko neurriak ere eskatzen ditu, adibidez, herri edo eskualdeka antolatu beharreko azpiegiturak (produktua eraldatzeko, gordetzeko, banatzeko…), baserrira dedikatzeko gazteei erraztasunak ematea, lurraren antolaketa, nekazaritzarako lur onenak direnak ez urbanizatzea… Komertzio berri eta justuago bat sortu beharra dago, baina ez hango urruneko produktuekin bakarrik. Bertoko produktuak kontsumituz, kalitatezkoak eta sasoian sasoikoak; baserritar eta kontsumitzaileen artean merkatu berri bat sor daiteke. Esperientzia batzuk abian dira bide horretatik… (1) Eusko Jaurlaritzako Landa-garapenerako Programa 2007-2013: Eusko Jaurlaritza. (2)www.ehne.org

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).