Hamahiru urte baino ez ditu eta lehendabiziko liburua idatzi du dagoeneko. Nerea Pedraz sondikoztarrak Lagun bat altxorrik preziatuena da lana aurkeztu berri du. Liburua Anubis argitaletxeak kaleratu du.
Noiztik idazten duzu?
Irakurtzen ikasi nuenetik. Istorioak asmatzea gustatzen zitzaidan.
Zertaz dijoa liburua?
Protagonista barnetegi batean sartzen duten 15 urteko neska bat da. Han maitasuna ezagutzen du, baina batez ere lagunak izatearen garrantzia.
Idatzi duzun lehendabiziko liburua da. Esperientzia gogorra izan da?
Liburua idazten bederatzi hilabete eman ditudan arren, gustatzen zaidalako idazten dut; ez hala egitera behartuta nagoelako. Horregatik gogorra baino, pozgarria izan dela esango nuke.
Zelan ailegatu zitzaizun liburua argitaratzeko aukera?
Anubis argitaletxea Interneten topatu nuen. Liburua e-mailez agindu nien, eta gustatu zitzaien. Arrakastatsua izan zitekeela esan zidaten eta argitara eman zuten.
Zein da zure idazlerik kuttunena?
Marina nire lehengusina. Ni bezala, hasi berria da mundu honetan, baina munduko idazlerik onena da niretzat. Beste alde batetik, Stephenie Meyer asko gustatzen zait, eta berak idatzitako Ilunabarra saga.
Nolakoa da zure lan egiteko era?
Koadernoa eta boligrafoa hartu, edo pen-drivea ordenagailu eramangarrian sartu, eta irudimenari uzten diot gainontzekoa egiten. Istorioak etorri ahala idazten ditut; ez ditut inoiz prestatzen, hori ezarritako arauei jarraitzea dela pentsatzen dudalako. Eta nik nire erara idazten dut, arau barik.
Zer duzu esku artean?
Liburu batzuk nabil idazten batera. Horien artean, Lagun bat altxorrik preziatuena da liburuaren bigarren zatia dago.
Badago irakurtzen bukatu ezin duzun libururik?
Batzuk, baina niretzat oso zailak izan direlako. Badakit noiz edo noiz irakurri ahal izango ditudala, eta dena ulertuko dudala.
Zertan ematen duzu denbora idazten ez duzunean?
Lagunekin irteten naiz, musika entzuten dut, egiten nabilen antzezlana ikasi... baina batez ere barre egin.
Nola imajinatzen duzu zure burua 10 urte barru?
Kazetaria izan nahi dut, eta prentsa idatzian edo telebistan aritu. Idazlea naizenez, ondo egin dezakedala uste dut. Eta denbora librea dudanean, nire eleberriak idatziko ditut.
Zer esango zenioke literatura munduan hastea erabaki duen lagun bati?
Hitz garrantzitsuenak hauexek dira: ez etsi. Beti egongo da zu baino hobea den norbait, baino horrek ez du esan nahi zuk balio ez duzunik. Bete zure ametsak, eta ez begiratu atzera.
Zein da irakurri duzun azken liburua? Eta ikusi duzun azken pelikula? Entzun duzun azken diskoa?
Irakurri dudan azken liburua Carlos Ruiz Zafón idazlearen Marina izan da. Izugarri gustatu zitzaidan. Eta ikusi dudan azken pelikula Printzesa ezkongaia izan da. Ez naiz pelikula hori ikusteaz nekatzen, askotan ikusita dudan arren. Musikari dagokionez, Demi Lovato gustatzen zait. Gift of a friend gehien gustatzen zaidan abestia da. Adiskidetasunari buruzkoa da eta badu zerikusia nire liburuarekin.
Zeintzuk dira irakurtzeko aholkatuko zenizkigun bost liburuak?
Hasteko, Ilunabarra saga eta Marina nire lehengusinak idatzitako Bihotza, bataila egun batean galdu zuen soldadua bezala liburua. Lehen aipatutako Marina liburua ere oso ondo dago, idazleak misterioa lantzen duelako bertan, abentura, maitasuna... Oso liburu interesgarria da eta izugarri gustatu zait. Horiek nire libururik kuttunenak dira, baina Caludia Grey idazlearen Gauerdia saga ere oso interesgarria da, edo Harry Potter saga.