Ekaina, murrizketak hasi zireneko hila. Nominak eta pentsioak ikustean, horretaz ohartuko dira funtzionarioak, enpresa publikoetako langileak eta amama Maite, besteak beste. Amama Maiteren pentsioa, gero eta laburragoa. Topiko bat da, bai, onartzen dut, baina, hala ere, guztiz garrantzitsua.
Gobernuek guraizeak hartu dituzte eta errazena egin dute: sekulako murrizketak abian jarri, ondorioak aztertu gabe. Amamak makroekonomia zer den ez daki, horri buruz zer edo zer entzun du irratian, baina ez du ulertzen. Aitzitik, hilero pentsioaren azken zentimoekin zer egin badaki. Eta beraren antzeko asko egon badaude.
Ez dakite zergatik Estatu Batuetan gertatutakoa ailegatu zaigun, ez dakite Burtsak gora edo behera egiten duen, ez dakite milaka milioi euro zertan inbertitu, baina aurrezten jantziak dira. Eta ziur nago, agintariekin egongo balira, oso aholku onak emango lizkieketela; amamak ematen dizkidanak bezain baliotsuak: “Erika, itzal ezazu ordenagailua; bisitak egitera autobusean etor zaitez, beti autoan hona eta hara zabiltzala...†Hau guzti hau ez da politika, eguneroko gauzak baizik; baina bai, oso gauza garrantzitsuak aurrezteko, politikan aplikagarriak. Horri, zoritxarrez, ekonomia lantzen dutenek ez diote erreparatzen.
Estamentu publikoek ahalegina eskatzen diote amamari, eta berak behartuta egiten du; beste aukerarik ez du. Hala eta guztiz ere, hausnarketa egiten du... “Nork ordainduko ditu politikarien bizpahiru hilabeteko oporrak? Eta beharrezkoak ez diren jardun instituzionalak? Nola joango da aurrera gizartea ez bada zerbitzu publikoetan gehiago gastatzen?â€.
Telebistan gosari informatiboak deritzenak ikusten ditut askotan. Politikari edo enpresari ezagunen bat, gehienetan gizonez inguratuta, egiten duenaren ontasunen berri ematen, eta izugarrizko gosariak hartzen. Posiblea da datu horiek prentsaurreko arrunt batean ematea? Erantzuna ondo dakit, bai. Eta diru gehiegi xahutzen den bitartean, amama inoiz ez da gosari horietara joango. Inoiz ez.
Krisia joan egingo da. Ez dut argi pentsioak igoko diren. Baina lasai egon, Maite. Nahi duzunean gosaltzera gonbidatuko zaitut. Galleta eta galleta tartean zure zenbakiak berregingo ditugu. Gaur egun, ez zaizkigu kontuak ateratzen.