Urte guztian zehar dauden mota guztietako jaiak antolatzen boluntarioak ibiltzen gara, jai batzordeetan antolatuta. Aitortu behar da lan ederra egiten dela, debalde, musutruk, doan. Jaietan giroa pizteko, ekitaldiak antolatzen, txandetarako jendea lotzen, lehiaketak egiten eta abar espezialistak izan behar. Baina azken aldion beste zeregin batzuekin ere bagabiltza: paperak egiten.
Gero eta paper gehiago bete behar ditugu. Gero eta baimen gehiago, gero eta eskakizun gehiago. Gastu guztiak faktura bidez justifikatu behar ditugu. Zaila da faktura bidez den-dena zuritzea. Alde batetik, boluntarioen lana ezin da justifikatu, eta, bestetik, jaietan parte hartzen duten asko ez dira profesionalak, ez daude altan emanda autonomoetan.
Udalek auzoetako jaiak goraipatzen dituzte, baina gero benetan arazoak eta paperak baino ez ditugu topatzen. Badakigu Udalei ere gero eta traba gehiago jartzen dizkietela, eta guk ez dugu nahi legalak ez diren paperak onartzea, baina gauzak ondo eta erraz egiteko bidea ez zaigu erakusten, eta jaiak antolatzearen lana erraza ez bada, imajinatu ulertzen ez dugun burokrazia aplikatzeko lan estrak. Parte hartzeko gogoa kendu egiten da.
Paper gutxiagorekin, jaiak hobeto antolatzeko asti gehiago edukiko genuke, ekitaldi hobeak, ideia berriak, eta abar.