EITB

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 25a, 13:52

Testua: Iñaki Berazategi, kazetaria

EITB barrutik ezagutzen dugunok ez gara asko harritu ikustean nola hondoratu diren gure irrati-telebista publikoaren entzule eta ikusle kopuruak azken hilabete hauetan, eta nola joan den progresiboki galduz gure gizarte-ingurunean hedabide erreferentzial gisa zuen balioa. Erakundearen zuzendaritza-talde berriaren baldarkeria eta hain esaneko makurtzea Gasteizko Legebiltzarreko unionisten gehiengo parlamentario bidegabearen jarraibide politikoetara, lagungarri gertatu dira EITBk gal dezan ospea, baina hondatzea zetorrela iragartzen zuten zantzuetako batzuk lehenagotik hauteman zitezkeen, Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko oraingo presidentea EITBko zuzendari nagusia zen garaitik, hain zuzen ere. EAJren botere zirkuluetan egoteak aukera eman zion Ortuzarri EITBren Basurtuko egoitza berria bezain proiektu handinahi eta nekez irautekoetan sartzeko. Bizkaitar jelkideen oraingo buruak ondo aprobetxatu zuen egokiera hori —eta dirua erabiltzeko aukera ia mugagabea—, paparrean kudeatzaile bikainaren domina jartzeko eta, karta txarrak etortzen hasi zirenean, EITBren aginte-zubia bertan batera utzita, politikaren salbatxalupara salto egiteko. Horrela, bada, interregno aldi bat ireki zen, zeinaren barruan ekonomia-krisia etorri zen —hain kaltegarria izaten ari dena hedabideentzat— eta ez zen borondaterik eta botererik izan erabaki estrategikoak hartu behar zirenean. Hori guztia ordaina ekartzen hasi zen, honako forma hauek harturik: programazio errepikakorrak, ikusle-entzuleen kopuruak gelditzea edo jaistea, proiektu berririk ez izatea, etab. Eta ikus-entzunezko merkatuaren une garrantzitsu batean gertatu zen hori guztia, merkatua eraldatze ikaragarri baten mende zegoenean (itzalaldi analogikoa, LTDren agerpena, ikusle-entzulegoaren zatiketa, internet bidezko irrati- eta telebista-kateak…). Zuzendari nagusi berria, Alberto Surio, eta beronen zuzendaritza taldea etorri zirenean, gauzak okertzen hasi ziren. Ez zituzten ezagutzen ikus-entzunezko industriaren zirrituak, eta, kasu askotan, beharrezko gaitasun profesionala ere ez zuten. Beraz, elefante bat eltze denda batean nola, halaxe sartu ziren kudeatzaile berriak EITBn, beren “identitate” obsesioak akuilaturik. Hortik aurrerakoa ezaguna da. Oker dago uste duena dena erraz konponduko dela Gasteizen beste gehiengo parlamentario bat jarriz eta EITBren buruan beste zuzendaritza talde bat ezarriz, gaitasun handiagoko profesionalez osatua eta herrialdeko gehiengoaren sentiberatasunetik hurbilagoa. Euskal irrati-telebista publikoaren sinesgarritasunak eta irudiak jasandako kaltea larriagoa da ikusle-entzuleen kopuruen une jakin bateko galera baino. Oraingo dibortzio hau, alde batetik EITB taldeko hedabideak eta bestetik hura mantentzen laguntzen duen gizartea banantzen dituena, ez da erraz konpontzen diren horietakoa: haustura sakona da, arrastoa luzaro utziko duena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).