Denis Sola, txorierritartua: “Askotan joan naiz kanpora, baina beti itzuli egiten naiz”

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 12:17
t: Gaizka Eguskiza / a: Itsasne Zubiri
Izugarri hazi da gure harana azken bolada honetan. Hori dela-eta, hainbat lagun etorri dira Txorierrira bizi izatera, eta Denis Sola bilbotarra horietako bat da. Denis Bilbon, Venezuelan eta Alacanten bizi izan da, baina gaur egun gustura dabil Derion. Webguneak diseinatzen dituzu, baina zehatz-mehatz zein da zure lana? Diseinatzeaz gain, maketazioa eta programazioa ere lantzen ditut. Dena dela, enpresen beharren arabera lan mota bat edo beste bat egiten dut. Informatika munduan ibili baino lehen kimika ikasi zenuen EHUn, Leioan. Zergatik ez zara kimikalari aritu? Lan merkatuak bultzatu ninduen. Karrera bukatu nuenean, ez nuen lanik topatu eta beste aukera batzuetan bilatzen hasi nintzen. Orduan, diseinu grafikoko ikastaroa egin nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Horren haritik, nire kabuz hasi nintzen programatzen, ikastaro gehiago egin nituen, eta azkenik berriro sartu nintzen unibertsitatera, Informatika Ingeniaritza teknikoa ikasteko. Eta gero esparru honetan hasi nintzen lanean. Zer nahiago duzu, informatika ala kimika? Programatzea gehiago gustatzen zait, baina ontzi bat esku artean dudanean, osaketa kimikoari begiratzen diot (kar, kar). Txantxak alde batera utzita, etorkizunari begira bi karrera horiek uztartzea gustatuko litzaidake. Hemen ez dago oso zabalduta, baina Katalunia aldean polimeroak-eta lantzen dituzte, eta horrelako zerbait egiteko asmoa dut. Lanaz gain, gitarra jotzen ematen duzu denbora. Nondik datorkizu zaletasuna? Familiarengandik datorkit, aitak ere gitarra jotzen baitu. Gaur egun talde batean aritzen naiz eta power pop musika jotzen dugu. Gustatuko litzaizukeen musikagile profesionala jardun izana? Egia esan, ez. Musika mundua oso konplikatua da. Batzuetan lan pilo bat duzu, eta beste batzuetan, lanik ez. Izarra izan banintz, musikagilea izatea gustatuko litzaidakeen, baina errealista izan behar zara: guztiok ezin gara izarrak izan. Zu berez bilbotarra zara, baina Txorierrin, Derion bizi zara gaur egun. Zergatik etorri zinen gurera? Nire neska Alacantekoa da eta bertan bizi ginen. Hala ere, Txorierrira etorri zen lan egitera, eta orduan erabaki genuen hemen bizi izatea. Oso gustura gaude eta Txorierrin geldituko gara. Txorierri ezagutzen zenuen hona etorri baino lehen? Zer deritzozu? Sondika ezagutzen nuen, besterik ez. Izugarri gustatzen zait Txorierri. Hainbat lekutan bizi izan zara: Bilbon, Alacanten, Venezuelan.... Zer dela-eta? Non sentitu zara erosoen? Venezuelara joan nintzen nire ama hara joan zelako. Ikasketak zirela-eta, Bilbora itzuli nintzen. Geroago, Alacanten ere bizi izan naiz nire aita bertan bizi delako eta neska hangoa delako. Lekurik onena? Nire ustez, Bilbo. Askotan joan naiz kanpora, baina beti itzultzen naiz. Eta berriro kanpora joateko asmorik baduzu? Ez, epe ertainean behintzat ez daukat pentsatuta. Eta aldatzekotan Bilboko erdigunera joango nintzateke (kar, kar).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).