Gabonetako menua

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 13:43

Errezetak: Maite Lekerika, sukaldaria

Porruen kremea (Vichyssoise) Osagaiak (lau lagunentzat): -Oliba-orio zurrusta bat -Kilo erdi patata (garbituak eta dadotan ebagiak) -Lau porru eder (garbituak eta txikituak) -Litro erdi oilasko-salda -300 ml esne -100 ml esnegain -Gatza eta perejil apur bat (txikitua) Prestateko erea: Su eztian, bost minutuan, patatak eta porruak prijiduko doguz orioagaz. Saldea gehitu eta su eztian beste 25 minutu inguru eukiko doguz egosten. Eginda dagozanean, atera eta hotziten itxiko doguz. Ondo irabiau eta gatza, esnegaina eta esnea botako doguz. Ondo irabiauko dogu. Kremea hotz, epel edo bero zerbitzatu daiteke. Gustukoa bada, perejil apur bat be bota daiteke ganetik. Zapoa mahaspasakaz (txakolin-puntuagaz) Osagaiak (lau lagunentzat): -800 g zapo (medailoitan ebagia) -Kipula bat -2 berakatz-atal -Porru eder bat -Txakolin apur bat -300 cl ur -50 cl esnegain (arina, ez lodia) -Oliba-orio zurrusta bat -Perejila eta gatza -Lata bat mahats-pikor (edo freskoak erosi eta kendu azala) Prestateko erea: Kipulea, berakatzak eta porrua txikituko doguz eta eltze baten, su eztian, jarriko doguz prijiduten oriotan. Gatz apur bat botako dogu. Handik 10 edo 12 minutura txakolin apur bat botako dogu eta alkohola kendu arte eukiko dogu irakiten. Ura gehitu eta irakiten beste 10 minutuan, su eztian, eukiko dogu. Esnegaina eta perejil txikitua bota eta ondo irabiauko dogu. Beharrezkoa bada, gatza zuzenduko dogu. Mahats-pikorrak gehituko doguz. Zapo-medailoiak zartagin edo plantxa bero baten egingo doguz, bi aldeetatik gorritu arte. Zapoa kazuela baten ipini eta saltsea ganetik botako deutsagu. Su eztian bi edo hiru minutuan eukiko dogu. Gaztai-tartea (laban eginda) Osagaiak: -225 g “Maria” gaileta (birrinduak) -50 g gurin (urtua) -500 g gaztai (Philadelphia edo antzekoa) -2 koilarakada ezti -50 g azukre baltz -Gatz apur bat -2 arrautza (irabiauak) -Kanela-hauts apur bat (apintzeko) Prestateko erea: Gailetak eta gurina (gurinak epel egon behar dau) nahastu eta molde batera botako dogu (azpikaldea kentzen danetarikoa izan behar dau moldeak). Orea ondo zabalduko dogu eta hozkailuan sartuko dogu hotzitu arte (ordu erdi inguru). Betegarria egiteko, gaztaia, eztia, azukerea eta gatza nahastu eta ondo irabiauko doguz. Arrautzak banan-banan botako doguz krema mehea lortu arte. Laban 45-60 minutuan eukiko dogu 150 gradutan. Eginda dagoanean, labea amatau eta bertan itxiko dogu hotzitzen. Gustukoa bada, ganetik kanela apur bat botako dogu zerbitzatzeko orduan.