Sondika Moto ekitaldira 1.000 zale inguru batu ziren azaroan. Bertaratutakoek aukera izan zuten, besteak beste, euskal motoziklismoaren iragana eta oraina ezagutzeko eta BQR taldearen kamioi-trailerra bisitatzeko.
Motoziklismo zaleek hitzordu garrantzitsua izan zuten Sondikan azaroaren 20an eta 21ean. Gorondabeko kiroldegian 112 moto jarri ziren ikusgai. Gehienak partikularrek utzitako ibilgailuak izan ziren eta moto klasikoak, modernoak eta lehiaketakoak egon ziren haien artean. Balio ekonomiko eta historiko handiko motoak eraman ziren Sondikara. Horrela, bada, Lube Barakaldoko moto-fabrikako modelo guztiek euren lekua izan zuten erakusketan, eta munduan bakarrak diren moto modeloak ikusi ahal izan zituzten zaleek. Santi Herrerok 1970an Man irlan izan zuen istripuan gidatzen zuen motoaren erreplika ere jarri zen ikusgai kiroldegian, baita Aman Sabugok 1959an Bilbo-Malaga-Bilbo proba irabazi zuenean erabili Lube markako motoa ere. Herri Torrontegi, Jose Angel Mendivil eta Efren Vazquez gidariek ere euren estanda ipini zuten: motoek, kaskoek, ekipamenduek eta argazkiek ikusmin handia eragin zuen ikusleen artean, eta oroitzapen gozoak etorri zitzaizkion bati baino gehiagori.
Abiadura ez ezik motoziklismoaren beste kategoria batzuk ere erakutsi ziren. Besteak beste, gidari hauen ibilgailuak jarri ziren ikusgai: Aitor Martinez, Euskadiko Supermotard txapelduna; Oihane Albizuri, Euskadiko Motokros txapelduna; Txomin Arana Espainiako eta Munduko Motokros Txapelketako parte-hartzailea; eta Borja Nieto Euskadiko Motokros txapelduna gogor kategorian, banaka batzuk baino ez aipatzearren. “Ekimenaren helburua izan da herritarrei ezagutzera ematea zein diren euskal motoziklismoaren historia, pilotuak, haien lana eta mailaâ€, azaldu digu Unai Atxak, Sondika Moto jardunaldien antolatzaileetako batek.
Torrontegik, Mendivilek eta Vazquezek solasaldi bat egin zuten Kultura Etxean, eta aretoa leporaino bete zen. Oso ekitaldi atsegina izan zen eta pasadizoak eta anekdotak izan ziren nagusi.
Aurreikuspena gainditu
BQR taldeak munduko txapelketetan hartzen du parte Moto2 eta 125 cc kategorien barruan, eta talde horrek kamioi-trailer bat aparkatu zuen Sondikan. Zaleek kamioi-trailerra bisitatu zuten, gidari baten azalpenei arretaz jarraitzen zieten bitartean. Asteburu “moteroari†amaiera emateko, Efren Vazquezek autografoak sinatu zizkien harengana hurbildu ziren guztiei.
Sondika Moto ekimenak aurreikuspenak gainditu ditu eta horren seinale da herrira 1.000 lagun inguru hurbildu zirela. Oso ekimen arrakastatsua izan zen eta zaleak Txorierritik ez ezik Bilbotik Ezkerraldetik, eta Burgosetik ere etorri ziren. Euri zaparrada handiak bota zituen asteburu osoan, baina eguraldi txarrak ez zituen zaleak kikildu, eta batzuk Sondikara motoz joatera animatu ziren.
Motoziklismoarekiko hitzordu hau urtebetez ibili dira prestatzen. “Herrian lagun asko gara motoziklismoari nola edo hala lotuta gaudenok, eta kirol honi merezi dituen lekua eta garrantzia ematea pentsatu genuenâ€. Horretarako, hainbat eta hainbat pertsona ibili dira antolatze-lanetan, bai ekimenean bertan eta bai aurreko hilabeteetan ere. “Udalera jo genuen eta laguntza eman ziguten. Mendivil, Torrontegi eta Efrenekin ere harremanetan jarri ginen eta berehala bat egin zuten gurekin. Gainera, Mendivilek ezinbesteko laguntza eman digu erakusketa osatzeko. Eskerrak eman nahi dizkiegu haiei guztiei, Racing Tolua taldeari eta Mendivilen enpresari. Eta, bereziki, antolakuntzan ibili diren lagun eta herritar guztieiâ€.
Jende askok galdetu die antolatzaileei ea Sondika Moto ekimenaren bigarren edizioa egingo ote den datorren urtean. “Oso pozik gaude emaitzarekin, harro, baina jarri eta ekimena bere osotasunean aztertu beharra dagoela uste dugu. Ikusi egingo daâ€.