Euskerea, ozenki Lezaman

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:45
Herriko txoko guztietan altu eta argi entzun zalako. Algarea handia izan zan; eta jaia, askoz handiagoa. Euskerearen Egunak txorierritarrok Lezaman batu gaitu aurton. Egunari antzerkiagaz eta jolasakaz emon geuntsan hasierea, eta bertsolariakaz eta musikeagaz amaitu genduan. Adin eta gura guztiei zuzendutako ekitaldiak euki genduzan azaroaren 27an. Herri ikastetxeko umeek hurrengo astean hartu eben txandea. Horrezaz gainera, gainontzeko herrietan be ekitaldi sorta zabala antolatu eben alkarteek, euskaltegiek, ikastetxeek, liburutegiek eta erakundeek. Halanda be, ezin dogu ahaztu Euskerearen Eguna abenduaren 3an eta data horren inguruko egunetan ospatzen dogun arren, urteko gainontzeko egunetan be, lehen aitatutakoek zein lagun anonimoek ahalegin handia egiten dabela euskerearen alde. Eta arestian egin dana gogoan izateko, hor doaz aurtengo ekitaldien argazkiak. 1. Fantasiara joan ginan Peli, Txirrikiz eta Kukubiltxoren eskutik. 2. Indarrak neurtu genduzan soka-tiran, bolo-jokoan eta beste. Hitzapasa jolasean be ausartu ginan, halanda be dana asmaten eban lagun bat baegoan... 3. Egañak, Colinak, Lekuek eta Uriak bertso-saio ederra eskaini euskuen. Hotza ederra egoan, baina frontoia bete zan. 4. Ahotsa galdu genduan Taberna Ibiltaria taldekoakaz; tabernaz taberna, txokoz txoko, euskerearen doinua beti entzungai. 5. Txan magoak aho bete hortz itxi zituen 10 urtetik 11 urtera bitarteko umeak eta horien irakasleak. 6. “Mementu ridiccoliak” bizi izan ebezan herri eskoletako ikasleek; eta barrez lehertu beharrean egon be bai. 7. Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoek txikienei gozarazo eutseen. Algarak belarrietan doguz oraindino.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).