Euskararen Eguna Txorierri Politeknikoan

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 16a, 15:49
Testua: Jabier Lekerika
Euskara ez da egun bateko gauza, batzuetan itxura hori eman arren, denon konpromisoa izan behar da euskaraz egitea, eta zoritxarrez ekitaldi berezi batzuetan bakarrik erabiltzen dugu: Kilometroak jaian, Ibilaldian edo gure Korrikan. Politekniko Ikastegian ere gauza bera gertatzen zaigu urtean zehar. Euskararen erabilera oso motela izaten da, baina pasa den otsailaren 11n Euskararen Eguna ospatu genuen, eta orduan behintzat euskara zen nagusi. Ikastetxea jai-giro bihurtu zen, eta ikasle eta irakasleek ekitaldietan eta jolasetan hartu zuten parte goizean zehar. Lehen orduan eta eguneko hotzari aurre egiteko, txokolate beroa egon zen hurbildu ziren guztientzat, eta lapikoa handia izan arren, laster amaitu zen. Urtean zehar egindako futbito ligaren finala jokatu zen eta ondoren taldeen arteko lehia beroa izan zen: penalti jaurtiketa, hirukoak, lokotxak biltzea eta txingak. Lehiako diferentziak handitzeko, flan xurgatzaileak aritu ziren borrokan, eta irabazleak sei segundo baino ez zituen behar izan lau flan txistu bizian xurgatzeko. Era berean, joko hauek ere egin ziren: makilaren azpitik pasatu, sokatira, musa, baloien tokeak eta zapi jokoak. Irabazleak hauek izan ziren: 1.tokian, Erregulazio eta Kontrol Automatikoko Sistemak zikloko 1. mailakoak; eta 2. tokian, Produkzioaren Programazioa zikloko 2. mailakoak. Zorionak bi taldeei eta disfrutatu irabazitako menuekin! Hamaikatatik aurrera Korrika 17ko denda ere bertan izan genuen, eta ikasle eta irakasle asko hurbildu ziren arropak ikusi eta erostera. Ordu biak aldera sariak banatu eta gero, eta egunari bukaera ona emateko asmoarekin, ikasle batzordekoek antolatutako bertso bazkarian hartu genuen parte. Bertan eta bapo jan ondoren Mikel Goiriena eta Lander Ibarluzea “Aitxulua” bertsolariekin momentu ederrak pasa genituen. Bukatzeko, eskerrak eman beharrean nago egun hura hain ondo ateratzen lagundu zeniguten guztiei, bai ikasleei, bai irakasleei. Eta ez ahaztu euskara urteko egun guztietan erabiltzeko modukoa denik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).